Elkartasun Egunean parte hartzeko deia egin dute Euskal Presoak Euskal Herrira Azpeitiko Topaguneak eta preso eta iheslari azpeitiarren senideek. Bihar, larunbata, da Elkartasun Eguna; aurten seigarren aldiz antolatu dute. "Elkartasun Eguna, euskal preso politikoei elkartasuna adierazteko helburuarekin egingo dugu. Era berean, haien jatorri eta izaera politikoa aldarrikatuko ditugu, prozesu politikoan parte hartzeko duten eskubidea azpimarratuz eta euskal presoak Euskal Herrira ekar ditzaten eskatuz", dio Arantzazu Aranburu Azpeitiko Topaguneko kideak.
Bihar egingo den egunak, izenak berak dioena esan nahi du preso eta iheslarien senideentzat: "Elkartasuna. Egunaren izenak berak adierazten du guretzat zer suposatzen duen. Guretzat pilak kargatzea da".
Gaur egun sei azpeitiar daude preso, eta haietako batzuen egoera "larria" da. Xabier Etxeberria Txapi presoa Muret-eko (Frantzia) kartzelan jo egin dute, Jabier Agirre presoa ikusmena galduta eta ebakuntza noiz egingo zain dago Fresnesen (Frantzia). "Orain gureari tokatu zaio eta hurrena beste bati. Egoeraz asko hitz egiten da, baina gureena okerrera doa. Pausoak eman behar direla esaten dute, baina hemen ez da ezer ematen. Guk gure seme-alaben eskubideen alde lanean jarraitu behar dugu", dio Juanita Jauregi Etxeberria presoaren amak. Hala ere, "itxaropena eta aurrera egiteko gogoa" eduki behar direla diote.
Herriko arlo eta eragile askoren parte hartzearekin antolatutako eguna da Elkartasun Eguna eta ekitaldietan ere herritar ugari ibiltzen da. "Krosean izena emateko eta bazkaritarako txartelak erosteko aukera egongo da, bihar goizeko 10:00etatik aurrera, plazan".