Aurreko ostiralean hasi zituzten mobilizazioekin jarraituz, osasun publikoan langile gutxiegi daudela salatzeko 11:30etik 12:30era lanuztea egin dute gaur Azpeitiko eta Azkoitiko anbularioko langileek, Azpeitiko anbulatorio aurrean.
ELA, SATSE eta ESK sindikatuek greba deitu zuten ostiralerako (maiatzak 19); LABek eta CCOOk ere bat egin dute deialdiarekin eta larrialdiko zerbitzuak bakarrik eman zituzten. Sindikatuek ostiraleko grebak izan zuen jarraipenaren "balorazio positiboa" egiten dute. "Azpeitiko anbulatorioa guztiz geldituta egon zen; berdina gertatu zen Azkoitia, Zarautz eta Orion" diote.
ELA, SATSE eta ESK sindikatuek lau egunetarako (maiatzaren 19, 22, 26 eta 29rako) greba deialdia egin zuten. Hasiera batean gaurko greba deituta bazegoen ere, ordubeteko lanuztea egin dute soilik. "Osakidetzak sindikatuekin biltzeko mahaia deitu du eta horren arabera greba partziala egitea erabaki dugu", dio Alaitz Martin ELA sindikatuko ordezkariak.
Aste honetan bilerak
Osakidetza aste honetan sindikatu guztiekin banaka bilduko da. "Osakidetza gai guztietaz hitz egiteko prest agertu da. Borondatea erakusten badu, aste honetan ematen diren pausuen arabera balorazioa egingo dugu, eta ostiraleko eta asteleheneko greba deialdia mantendu edo ez ikusiko dugu", dio ELA sindikatuko ordezkariak.
Azkeneko albistea (maiatzak 22, 15:30): ELA sindikatuaren web orrian irakurri daitekeenaren arabera, ELA, SATSE eta ESK sindikatuek utzi egin dituzte oraingoz Osakidetzan deituta zeuden maiatzaren 26 eta 29ko greba deialdiak. Hala ere, hiru sindikatuek adierazi dute "negoziatzeko borondaterik ez badago, deialdiak errepikatu" egingo dituztela.