Merkataritzarako katalogo berria

Urola Kostako Hitza 2006ko mai. 22a, 14:05

Euskara Patronatoaren hizkuntz zerbitzuen berri ematen du

"Herriko establezimenduek bezeroei zerbitzua euskaraz ematea da helburua"

Zurekin, zuretzat merkataritza arloari zuzendutako katalogo berria aurkeztu zuen ostiralean Udal Euskara Patronatoak, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren baitan. "Herriko merkataritzako establezimenduek bezeroei zerbitzua euskaraz ematea da gure helburua", azaldu zuen Ana Mendizabal Udaleko Hezkuntza eta Euskara batzordeburuak.

Mendizabalen esanetan, merkatarien aldetik katalogoaren eskaera gero eta handiagoa da: "Iazko datuek hala erakusten digute. Honek esan nahi du euskararekiko merkatariek duten sentsibilizazioa handiagoa dela".

Hiru-lau urte dira Euskara Patronatoa merkataritza aholkularitza teknikoa eskaintzen hasi zenetik. "Urtez urte gero eta eskari handiagoa dago gauzak euskaraz egiteko", zioen Patxi Saez Udaleko euskara teknikariak.

Eregi-k egindako katalogoa

Aurten aurrenengo aldiz merkataritza arloari zuzendutako katalogoa Azpeitian eta bereziki Azpeitira zuzenduta egin dute. Azpeitiko Eregi enpresak egin du. Katalogoak berrikuntzak ere eskaintzen ditu. "Merkatariei zuzendutako materiala berria da. Diseinu berriak daude aukeran, bai kartel mutuetan eta baita idatzitakoetan ere. Faktura agiriek eta entrega agiriek eskaera handia izaten dute eta hauek ere berriak dira", azaldu zuen Mendizabalek.

Laster, herriko establezimendu guztietara, 430 tokitara, banatuko dute katalogo berria. "Herriko establezimendu guztietara bisita egingo da Udalaren izenean eta katalogoa banatuko zaie". Katalogoan, merkataritzara zuzendutako hainbat eta hainbat zerbitzuren berri ematen da: errotuloak euskaraz jartzeko diru laguntzak, arlokako hiztegiak, ostalaritzarako materiala, aholkularitza zerbitzuak eta aplikazio informatikoak.

Datuak

Katalogoa.
- Banaketa. Merkataritzara zuzendutako katalogo berria 430 establezimendutara banatuko da.
- Azpeitian egindakoa. Azpeitian eta Azpeitira zuzendutako katalogoa da, Azpeitiko Eregi enpresak egindakoa.

Zerbitzuen eskaria.
- 2004an. Establezimenduen %30ek eskatu zuten hizkuntza zerbitzuren bat Euskara Patronatoan.
- 2005ean. Merkatarien %66k jo zuen Euskara Patronatora.

Merkatari euskaldunak.
- Gaur egun. Herriko merkatarien %94a euskaldunak dira.

Zerbitzua euskaraz.
- 117 establezimenduk. 430etik 117 establezimendu zerbitzua euskaraz emateko gai dira.

Hizkuntza paisajea.
- Gaur egun. Merkataritzako hizkuntza paisajea %90a euskara hutsean dago. Orain dela lau urte %40a zen euskaraz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide