Perez Arregi plaza eraberritzeko lanak irailean hasiko dira

Urola Kostako Hitza 2006ko mai. 25a, 17:05

Perez Arregi plazako proiektuaren aurreikuspena

Lanek 784.000 euroko aurrekontua izango dute

Udalak dituen aurreikuspenen arabera, irailean hasiko dira Perez Arregi plaza eraberritzeko lanak. "Orain proiektua jendaurrean dago, gero lanak nork egingo dituen lehiaketa egingo dugu, saninazioak ere etorriko dira, eta ondoren oporrak. Beraz, iraila izango da lanak hasterako", azaldu zuen Julian Eizmendi alkateak, merkatari eta bizilagunekin atzo udaletxean egindako bileran.

Obrak egiteko sei hilabete beharko dituztela azaldu zuen Jon Txabarri arkitektoak, "Adokinak jartzea ia artisau lana da, eta horrek denbora eskatzen du".

Perez Arregi plazan lur azpiko azpiegiturak eta lur zorua eraberrituko dituzte. Gaur egun dauden autoentzako aparkalekuak eta lorategiak kendu egingo dituzte, eta horien tokian aulkiak eta zuhaitzak jarriko dituzte. Lur zorua Enparan kalean eta Plaza Txikian jarritakoaren segida izango da. 784.000 euroko aurrekontua izango du.

Alkateak, Damasoko zubira arteko tartea eta gasolindegi txikia zegoen lekua "txukuntzeko" asmoa dutela ere azaldu zuen atzo.

Perez Arregi plazako obra, alde zaharra eraberritzeko bigarren pausoa izango da. Hurren, Eliz kalea berritzea aurreikusten dute. Hirugarren fase horri datorren urtean helduko diotela esan zuten. "Erdi kalean etxe berri asko egiten ari dira, eta horregatik hurrengoa Eliz kalea izango da".

Herriko plazaz galdezka

Merkatarietako batek, herriko plazan aparkalekuak kendu eta plaza bezala jartzeko asmorik ez al daukaten ere galdetu zien Udaleko arduradunei. "Luzarora begira herriko plazarekin zer egin aztertzen ari gara, ea lur azpiko aparkalekuak egiteko modurik legokeen, eta aparkalekuak egitekotan, sarrera nondik jarri ere aztertzen ari gara. Horri ere irtenbide bat eman beharko zaiolako", erantzun zioten udal ordezkariek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide