Datozen urteotan herria nola antolatuko den zehaztuko duten Arau Ordezkatzaileak erabakitzen ari da azken hilabeteotan Udala. Horren harira, Habeak bere proposamena aurkeztu zuen atzo, "ikuspegi ezkertiar batetik, herri orekatua" eraiki nahian, "garapen orekatua" eginez eta herritarren parte hartzea bermatuz.
Azpeitiko azken Arau Ordezkatzaileak 1992an egin zituen Udalak. Orain, datozen zortzi urteotan herrian egingo diren proiektuak arautuko dituen Arau Ordezkatzaileen inguruko eztabaidan ari dira Udaleko ordezkariak: hiri lurrak, nekazal lurrak, industriaguneak... zein izango diren aurreikusten. "Arau horiek definituko dute biharko Azpeitia nolakoa izango den", azaldu zuen atzo Miren Odriozola Habeako ordezkariak.
"Otsailean, Arau Ordezkatzaileen baitako proposamena jaso genuen alkatearen eskutik. Gero, Udaleko alderdien artean eztabaida zabaldu zen proposamenaren inguruan eta laster udalbatzarrean aurkeztuko dituzte. Ziurrenik uztaileko udalbatzarrean landuko dira. Ondoren, hilabetean erakusgai egongo dira jendaurrean. Herritarrek, orduan, alegazioak egiteko aukera izango dute", adierazi zuen Odriozolak.
Habeak, Arauen inguruko eztabaida herritarren artean zabaltzea proposatu zuen Udalean, "herritarren iritziak jasotzeko. Horrelaxe saiatu ziren Orion eta Getarian, Agenda 21 foroaren bitartez. Baina guk Udalean egindako eskariak ez du erantzunik jaso".
Ondorioz, Habeak arau ordezkatzaileen inguruko informazioa eta beren proposamena herrira zabaltzeko erabakia hartu du. "Aurrena herri batzar zabala egin genuen, eta orain gaia Azpeitia Eginez aldizkarian atera dugu herriko etxe guztietara banatu dugu aldizkaria, herritarrek jakin dezaten zein bi proposamen dauden herri ereduaren inguruan".
Bi proposamen
Habearen ustez, Udal Gobernua osatzen duten alderdien (EAJ eta EA) herri ereduaren eta Habearen herri ereduaren artean "talka nabarmena" dago.
"Herria orokorrean hartu eta oreka baten bila egin behar dira herria definituko duten Arauak. Azpeitiaren garapenak ahalik-eta orekatuena izan behar du; aldaketak herritarren beharretan eta eskubideetan oinarrituta egin behar dira. Eragiten duten sektore desberdinetan oreka aurkitu behar da", zioen Habeak egindako proposamenaren inguruan IƱaki Errazkin Habeako kideak.
Udal Gobernuak herri ereduaren inguruan egiten duen proposamena bestelakoa dela diote Habeakoek, "interes ekonomikoen baitan arautzen baitituzte aldaketa nagusiak. Garapen izugarri eta ilogiko bat planteatzen dute, eta ez doaz herritarren beharrak asetzera. Herrian dauden eremu libre guztiak betetzera eta datozen belaunaldientzako zementuan oinarritutako herri bat uztera dihoaz. Etorkizuneko Iraurgi Hiriari forma ematera, Azpeitia eta Azkoitiarekin hiri eremu berri bat osatzeko".
Ezker abertzaleko herri plataformaren ustez Udal Gobernuak egin duen herri ereduaren aukera "okerra" da, "hainbat interes ekonomikori bide ematen diolako".
Garapenaren aurka ez dagoela zioten Habeakoek: "Garapena eman behar da, baina diagnosi batean eta herritarren behar eta eskubideetan oinarrituta. Garapenak oreka bilatzera joan behar du".
Hartutako konpromisoak
Herri ereduaren baitako eztabaidaren inguruan, Habeak konpromiso batzuk hartu dituela azaldu zuen Haizkurgi Uzin Habeako kideak. "Bost puntutan laburbildu ditugu guk hartutako konpromisoak".
"Azpeitia ezkerretik eraikiz herri eredu proposamen orokor bat" egiteko konpromisoa hartu dute. Herri eredua osatzen joateko, "lehenbailehen" herriko eragileekin biltzen hasiko dira ekarpenak jasotzeko eta "guk egindako proposamenekin uztartzeko".
Eragileekin egon ondoren, proposamen zehatzak egingo dituzte, "herritarren eskubideak bermatuko dituzten proposamenak egingo ditugu".
Ezker abertzaleak azaldu zuenez, haien proiektua ez da "itxia" eta proposamenak ere "irekiak" izango dira.
Proposamenak eta herri eredu orekatua bultzatzeko Udalaren aurrean "presioa" egingo dutela azaldu zuen Uzinek: "Era berean, herrira zabaltzeko aukerari helduko diogu eta Habeak herriak esandakoa errespetatu egingo du".