Kale Gorrianek etxebizitzen inguruko azterketa egin du

Urola Kostako Hitza 2006ko mai. 29a, 16:05

Herrian dagoen etxebizitzen beharra ezagutzeko, "erakundeek azterketa sakona" egin behar dutela uste du (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko Kale Gorrian taldeak, gaur egun etxebizitzen inguruan dagoen arazoaren azterketa egin du. Azpeitiko egoeran zehaztu du gehienbat, eta hainbat helburu ere finkatu du.

Azken urteotan herrian merkatu libreko etxebizitzak bakarrik eraiki direla azaldu dute, eta horiekin bete dela herritarren eskaria, "ez baita babestutako etxerik eta etxebizitza publikorik eraiki".

Etxebizitzen salneurrien "igoera etengabea" ere salatu dute, eta ondorioz, "bertako soldatekin ordaindu ezin diren neurria lortu da".

Azpeitian etxebizitzen beharra "nabaria" dela diote Kale Gorrianeko kideek. Ondorioz, herritar asko, herrian betetzen ez diren baldintzen bila, inguruko herrietara mugitzen ari dela azaldu dute. "Horren adibide garbia, Urrestillako kasua da; jendeak lotarako erabiltzen ditu etxeak", zioten ostiralean emandako prentsaurrekoan.

Azpeitian etxebizitzak erosteko aukera bakarra, etxebizitza pribatua dela azaldu zuten. Eta horrek, "bankuetxeekin urte askorako ezkontzea ekartzen du". Bestalde, Udal sustapeneko etxebizitzak, "babesekoen antzera saltzen dizkiguten arren, pribatuak dira". Etxe horien salneurria pribatuetatik gertuago dagoela zioten publikoetatik baino.

Helburuak

Taldeak hainbat helburu finkatu zuen ostilarean (hilak 26) agerraldian, eta besteak beste, Azpeitiko etxebizitzen arazoari begiratuz, arazoaren azterketa sakon baten beharra ikusten dutela azaldu zuten.

Herrian etxebizitza eskubidea bermatua izateko, dagoen beharra zenbatekoa den zehaztea ezinbestekoa dela diote, eta behar horri erantzuteko dauden baliabideak ere aztertu behar direla uste dute.

Azkenik, etxebizitza eskubidea bermatua egoteko, arazoaren azterketan oinarritutako politika definitu behar dela diote. Politika horren helburua azterketan agerturiko beharrei erantzutea izango litzatekeela diote.

Bestalde, erakunde publikoen politikak etxebizitza publikoan oinarrituta egon behar duela uste dute: "Eskubide oro bermatzeko ezinbestekoa den bezala, eskubide hau bermatzeko ere baliabide publikoetan oinarritutako politika ezinbestekoa da".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide