Gaztelerazko egunkarien gehigarriek ia Hitzen bikoitza jasoko dute Jaurlaritzatik

Urola Kostako Hitza 2006ko mai. 31a, 13:05

Kultura Sailak ez du euskarazko prentsaren sektorearen milioi bateko hazkundea kontuan hartu

Laguntzen deialdia, "euskarazko hedabideak sendotu, garatu eta normalizatzeko" da

Harrigarria da: Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak hedabideen sailean diru laguntzak "euskarazko hedabideak sendotu, garatu eta normalizatzeko" ematen ditu, baina, eta adibide bat aipatzearren, gaztelerazko egunkarien gehigarriei askoz ere garrantzia handiagoa ematen die, Hitza egunkariei baino (Uztarria Kultur Koordinakundea 'Urola Kostako Hitza'-ko sortzaile eta bazkideetakoa da).

Izan ere, Eusko Jaurlaritzak astelehenean argitaratu zuen diru laguntzen deialdia, eta gaztelerazko egunkarien gehigarrientzat 507.650 euro bideratu dituen bitartean, tokiko egunkarientzat 322.000 bideratu ditu (hor daude zazpi 'Hitza'-k, eta Kronika ere bai). 'Kronika'-k iaz 28.000 euro jaso zituela kontuan hartuta, beraz, "euskarazko hedabideak sendotu, garatu eta normalizatzeko" Jaurlaritzaren diru laguntzetatik, gaztelaniazko egunkarien gehigarriek ia Hitzen bikoitza jasoko dute 2006an.

Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak aurten onartu duenez, "oso garrantzitsua" da euskarak bere lekua izatea gaztelaniazko hedabide idatzietan. "Euskal hiztun eta irakurleen artean asko dira gaztelania nagusi duen prentsa irakurtzen dutenak. Gaztelania nagusi duten egunkariak animatu nahi ditugu euskara hutseko gehigarriak sortu eta egunkarietan txertatzera". Ikusi da: era horretako produktuentzat diru partida sortu du, eta 507.000 euro bideratu.

Beste Hitza bat 2006an

Hitza egunkarien atalean, kontuan hartu behar da iaztik beste Hitza bat dagoela —Busturialdekoa— eta, beraz, besteek iaztik diru laguntzetan jaitsiera izango dute, baita 'Kronika'-k ere. Gauza bera pasatu zitzaien 2005ean: 2004an tokiko egunkariek 249.809 euro jaso zituzten, 2005ean 300.000, baina 2005eko laguntzen deialdian beste bi Hitza zeuden —Goierrikoa eta Donostiakoa— eta beste Hitzek eta 'Kronika'-k laguntza txikiagoak jaso zituzten —Urola Kostakoak izan ezik—.

Berria egunkari nazional bakarrari ere igoera txikia aplikatu dio Jaurlaritzak: 122.000 eurokoa —'Egunkaria'-k 2002an, baina, 'Berria'-k 2006an jasoko duena baino 126.000 euro gehiagoko laguntza zuen—. Tokiko aldizkarien kasuan —hor sartzen da Uztarria, adibidez—, iaz baino 47.059 euro gehiago jasoko dituzte aurten (408.120 euro, baina 2003an 487.511 jasotzen zituzten).

Azken batean, Eusko Jaurlaritzak ez du aintzat hartu euskarazko prentsaren eskaera: aurtengo aurrekontuetan milioi euro bateko hazkundea, proiektu berriak egiteko eta orain artekoak sendotzeko. Jaurlaritzak arlo horretarako 59.050 euroko igoera baino ez du aurreikusi (3.280.000 euro 2005ean, 3.339.050 2006an).

Jaurlaritzak 950.000 eurotan handitu du aurten komunikabideei eman beharreko diru laguntzen atala, baina hazkunde horren zati nagusia bi atali dagokie: batetik, tokiko telebistei, iaz baino 350.000 euro gehiago jasoko dituztelako; eta, bestetik, lehen esan bezala, gaztelaniazko egunkarietako euskarazko gehigarriei (507.650 euro).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide