Gaur, osteguna, erabakiko du Grande Marlaskak Audiencia Nacionalera deitu dituen zortzi mahaikideak espetxeratu ala ez. Duela gutxi frantziar poliziak hiru euskal herritar atxilotu ditu. Azken 30 urteetan Euskal Herrian edozein egunetan entzun edo irakurri ahal izan ditugun albisteetako bat gehiago izango lirateke, ez balitz ezker abertzaleak urte hauetan eginiko lanarengatik izan.
Argi eta garbi gelditu da ezker abertzaleak konponbide demokratiko bat lortzeko hartu duen konpromisoa eta ardura. Urte luzeetan eginiko lan eta borrokak Euskal Herriari urteetan ukatuak izan zaizkion eskubideak berreskuratzeko aukera bat ireki dute. Eta urteetan bide hau irekitzeko hartu den ardura, beraz, ari da orain ere bide honetatik helmuga egokira iristeko ahaleginetan.
Baina badirudi, urte hauetan Euskal Herriari bere eskubideak ukatu dizkieten berberek, estatu espainiar eta frantziarrak, orain ere bidean oztopoak jartzea beste helbururik ez dutela. Zein helburu dute bestela ematen ari diren eraso, atxiloketa, tortura, jipoi, dispertsio, ilegalizazio, etabarrek? Gatazka elikatu besterik egiten ez duten erasoek amaitu beharra daukate konponbide demokratiko bat lortzeko borondatea dagoela sinestarazi nahi badute behintzat. Konponbide demokratiko baterako oinarria garbia da: eukal herritar guztiek beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidearen aitortza. Eta oker dabiltza eraso hauen bidez ezker abertzalea oinarri horretatik aldentzea espero badute.
Zoritxarrez ordea, hemen ere badituzte laguntzaileak. Azken hilabete hauetan batzarren debekuak, manifestazioen ilegalizazioak, atxiloketak ugaldu egin dira PNVk kontrolatzen duen ertzantzaren eskutik. Ez hori bakarrik, ilegalizazio eta bazterkeria politikoa mantenduz bat egiten dute estatuek egiten duten apustuarekin, ezker abertzalea konponbiderako oinarri demokratikoen alde egiten duen bidetik desbideratzea bilatuz. Bai PNVk, baita UPNk ere, lurralde zatiketaren bidez lortu duten botere eta negozio esparrua galtzeari izua diote. Eta horren baitan, bakoitzak bere erara, konponbide prozesuaren luzamendua eta desitxuraketa bilatzen dute.
Baina nahikoa da! Euskal Herriak erantzun behar du. Erasoen amaiera esijituz. Konponbiderako oinarri demokratikoak aldarrikatuz. Konponbiderako mahaiaren osaketa bultzatuaz. Estatuek ez dute inoiz ezer eman. Orain ere ez dute emango. Baina urte hauetan Euskal Herriak erakutsi du baduela nahiko indar bere kabuz urratsak emateko. Horra erronka! Euskal herritarrok erabaki behar badugu etorkizuna, euskal herritarrok egin behar dugu bidea. Gaur erasoen amaiera eskatuaz, biharko konponbiderako indarrak pilatzen ari gara. Horregatik, dei bat luzatzen dizuegu herritar guztiei, bihar, ostirala, 19:30ean Azpeitiko plazan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera. Gaur herriak ziok/n nahi diat bizi!