Azpeitiko Corrugados Gallardo enpresa "lurrak erosten hasi da", Badiolegi baserriaren inguruan. Hala adierazi dio 'Urola Kostako Hitza'-ri Corrugados Azpeitia- Grupo Alfonso Gallardo enpresako zuzendari nagusia den Joxe Mari Etxeberriak.
Enpresa, "epe luzera begirako proiektu" bati erantzuna emateko asmoarekin hasi da lurrak erosten. Hau da, hemendik urte batzuetara, "herrigunean" enpresak dituen instalazioak lekuz aldatzeko asmoa daukate. Baina enpresa tokiz aldatzeko proiektu hori aurrera eramatea ez omen da enpresaren esku bakarrik egongo, "aurretik prozesu luzea pasatu beharra daukalako"; hala diote enpresakoek.
Gaur egun, Azpeitiko Corrugados Gallardo enpresak bulegoak eta burdindegiko labeak ditu Foru Ibilbidea, Hartzubia hiribidea eta Amubeko biribilgune berriaren artean, herriguneari lotu-lotuta. Laminazioko instalazioak Landetako industria gunean ditu, Amubeko biribilgunetik bestaldera. Toki horretan instalazioak handitzen ari da gaur egun.
Asteazkenean, berriz, Amubeko azpiegiturak inauguratu zituzten Azpeitiko Corrugados Gallardo enpresako arduradunek, Azpeitiko Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunekin batera. Gazteko biribilgunean bezalaxe, Amubeko obretan ere Azpeitia Corrugados enpresak parte hartu du. Amubeko obren zatirik handiena enpresak ordaindu du. Enpresako kamioien sarrera eta irteerengatik, errepideetan segurtasuna bermatzeko obrak izan direla azpimarratu zuten Corrugados-ekoek, inaugurazio egunean.
Amube inguruan, biribilgunea, bidegorria eta oinezkoentzako pasabide berria, Corrugados Gallardo enpresara sartzen diren kamioientzako aparkaleku pribatua, enpresako kamioiak pisatzeko zubi berria eta autoentzako aparkaleku publikoa egin dituzte.