Urrestillako taldeen musika, letra artean

Uztarria 2006ko eka. 3a, 15:06

Aitor Bengoetxea 'Ondarru' Uztarriako kidea eta Asier Sustaeta liburuaren egilea, gaur, aurkezpenean, Urrestillan.

Gaur aurkeztu du Uztarriak Urrestillako musika taldeak liburua; bere hamargarrena

Asier Sustaetak egin du; 2 urtean egindako lana izan da

Bere hamargarren liburua aurkeztu du gaur (zapatua) Uztarria Kultur Koordinakundeak: Urrestillako musika taldeak. Asier Sustaetak idatzi du eta Urrestillako musika egoitzan egondako taldeen historia jaso du. Egoitza atarian bertan egin dute aurkezpena, eta 40 bat lagun bildu dira. Aurkezpenaren hasieran eta bukaeran, Mondokane taldeak abestiak jo ditu.

Hamargarren liburua izan arren, Uztarria ez da argitaletxea, kultur koordinakundea baizik.

1998an sortu zen Uztarria, eta euskara, komunikazioa eta kultura dira elkartearen ardatzak. Komunikazioaren arloan, tresna komunikatiboak sortzea eta garatzea da bere eginbehar nagusia. Hala, Uztarria aldizkaria eta uztarria.com webgunea ditu, eta Urola Kostako Hitza egunkariko sortzaileetakoak eta bazkide da.

Uztarria liburuak ateratzen ere hasi zen, ordea, betiere ardatz horiekin lotutako lanak argitaratzeko eta hutsuneak bete nahian, eta, esan bezala, hamargarrena da hau.

Ateratako liburuak:

Joxe Takolo (biografia). Enekoitz Esnaola, 2001.
Angel Otaegi (biografia). Iban Arregi, 2001.
Imanol Elias (biografia). Mailo Oiarzabal, 2002.
Patxi Altuna (biografia). Josune Etxeberria, 2003.
Azpeitiko efemerideak. Imanol Elias, 2003.
Azpeitiko mendi gida. Lagun Onak Mendi Bazkuna eta Uztarria, 2004.
Euskarazko prentsa eta Azpeitia. Uztarria, 2004.
Loiolarik ez balitz. Iñigo Aranbarri eta Jose Luis Otamendi, 2005.
Otsobeltz (komikia). Andoni Salegi, 2005.
Urrestillako musika taldeak. Asier Sustaeta, 2006.

Liburuari buruzko zenbait xehetasun

Egilea. Asier Sustaeta.
Orrialdeak. 128.
Argazkiak. 64.
Atalak. Lau ataletan dago banatuta liburua:
- Hasiera.
- Lokala.
- Taldeak.
- Triku Festa.
Argitaratzailea. Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinakundea.

Egileari buruzko zenbait xehetasun

Asier Sustaeta azpeitiarra da (1979) eta bere aurreneko liburua du. Musika munduarekin lotura estua dauka, Ospa taldean abeslari ibili zelako eta gaur egun hala da Nazkau Ez!-en.

Horrez gain, azkeneko 6 urtean Sustaeta da Urrestillako lokaleko taldeen ikusentzuneko artxiboaren arduraduna, baita azkeneko 3 urtean Triku Musika Elkarteko lehendakaria ere.

Sustaeta: "Ez da erraza izan materiala biltzea"

Liburua egiteko ideiaren sorrera

"1998. urtean, lehen bideo-kamera eskuratu eta Urrestillako musika lokaleko taldeak grabatzen hasi nintzen. Pixkanaka, orduko talde guztiak grabatu nituen eta, garai berean, lehendik hartutako irudiak eta argazkiak bitzen jardun nuen.

Berehala ohartu nintzen material asko lortuta nuela, baina jendeak nonbait gordeta zituen argazkiak eta irudiak biltzea ez zen erraza izan.

Behin hura dena bilduta, zerbait egin beharra zegoela uste nuen".

Irudietatik, elkarrizketak egitera

"Aurrenengo ideia DvD formatuan zerbait egitea zen; irudiak, kantuak eta argazkiak. Baina Urrestillako musika lokalaren historia osoa ondo kontatzeko adina irudi ez neukan eta, gainera, oso zaila egingo zitzaidan eskuratzea; hasierako taldeen irudirik ez nuen.

Buelta batzuk eman ondoren, pentsatu nuen lehenengo taldeak musika jotzeko elkartu ezingo banituen ere, libururako elkarrizketa egiteko behintzat elkartuko nituela.

Hala, elkarrizketak egiten hasi nintzen. Talde guztiak ezin nituen elkartu. Denera, 15 talde elkarrizketatu nituen.

Talde denei galdera beraiek egin nizkien, ohiko galderak egia esan:
- Nondik dator izena?
- Zeinek osatzen duzue taldea?
- Zuen lehen kontzertua? Azkena?
- Pasadizorik?

Aipatzekoa da zenbait talderi gertatutakoa: guztiek dute gogoan lehen kontzertua baina, azkena esateko, asko pentsatu behar izaten dute".

Historia osatu

"Elkarrizketa guztiak egin ondoren, talde bakoitzaren historia laburtu egin nuen eta, horrekin batera, lokalaren historia osatu nuen.

Bi urtean egindako lana izan da. Datekin eta lekuekin, ahal den zehatzena izaten saiatu naiz".

Aipamena

"Zenbait lagun behin baino gehiagotan azaltzen dira liburuan, eta haietakoren bat oraindik ere hemen dabil bueltaka. Haien lana azpimarratu nahi dut.

Besterik gabe, eskerrik asko lagundu didaten guztiei”.

Liburuak salgai

Saltokiak. Azpeitian: Belaetxe, Eklipse, Iratzar eta Martinez dendatan, eta Uztarriaren egoitzan.
Salneurria. 7 euro.
Uztarriako bazkideak. Dagokien tokian jaso(ko) dute. Bazkidetzako kuotarekin ordaindu dute liburua. Gaur egun, 1.047 bazkide gara Uztarrian.

----

Uztarriak Asier Sustaetari eskerrak eman dizkio elkarlanean liburua egiteagatik; Uztarriako bazkideei ere bai urtero beraien ekarpen ekonomikoa egiteagatik eta, beraz, hau bezalako liburua argitaratzen laguntzeagatik; eta baita Azpeitiko Udalari ere, liburu hau ere diruz laguntzeagatik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide