Azpeitiko zezenketen berri emango du Juan Mari Ibarzabal argazkilariak eta Azpeitiko Argazki Elkarteko kideak Donostian. Saninazioetako zezenketetan ateratako irudiekin osatutako erakusketa da. "Azpeitiko zezen-plazan zezen-arratsalde batean bizitzen diren une desberdinak jaso nahi izan ditut", dio Ibarzabalek Azpeitian zezenak argazki bildumari buruz.
Azpeitian zezenak erakusketa iazko saninazioetan Azpeitiko Betharramdarren aretoan egon zen erakusgai, Kinttela Zezenzaleen Elkartearen ekimenez. Orain, berriz, Donostian jarriko dute. Hilaren 16tik uztailaren 5a arte, Alberto Fernandez-Ibarburu argazki aretoan egongo da. Erakusketa, Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak antolatu du. "Argazki batzuetan edozein zezen-plazatan bizi daitezkeen une eta egoerak ikus ditzakegu, baina beste batzuetan, aldiz, Azpeitian bakarrik gertatzen direnak agertzen zaizkigu", dio Ibarzabalek erakusketaz. Eta horren adibide bat ere jartzen du argazkilariak: "Plazan borrokan ari diren bi zezen agertzen dira. Desenkajonamendu eguneko irudia da; sustraituta dagoen ekitaldi batekoa".
Argazkilariaren webgunea
Juan Mari Ibarzabalek, argazkia bere inguruan gertatzen dena ezagutarazteko erabiltzen duela dio. "Bizitzaren alderdi positiboak (natura, kolorea, festak, poza eta abar) islatzen saiatzen naiz".
Azpeitiarrak bere lanaren fruitua sarean ere jarri du, webgune bat zabalduz, www.juanmariibarzabal.com da helbidea.
Ibarzabalek bere argazkien webgunea hainbat ataletan banatuta dauka: zezenak, festak, natura, herriak eta kirolak. Festen orrian esaterako, Azpeitiko jai herrikoi guztietako argazkiak jaso ditu argazkilariak, eta atal horretan zezenen gaia jorratzen du.