PNVk elkarrizketa baino nahiago bakarrizketa

Dorleta Odriozola eta Marijo Segurola (Habeako kideak) 2006ko eka. 9a, 13:06

"Elkarrizketak ekarri dezakeena baino nahiago dute batzuk bakarrizketak ematen duen segurtasuna" Habeko kideen ustez

Hiru urte pasatu dira Euskara Aholku Batzordea sortu zela, hiru urte biziberritze plana sortu zela, hiru urte Habeari zinegotziak lapurtu zizkiotela... eta askoz gehiago Azpeitiko Udal agintariek parte hartzeari ateak itxi zizkiotenetik.

Errotik aldatu beharreko errealitate batekin egiten dugu topo euskararen arloan ere. Euskararen normalizazioan eman beharreko pausoak elkarlanean eman behar ditugu, gaur egun ematen ez dena. Euskararen normalizazioa batik bat herritarrek egingo dute, bestela nork? Baina, horretarako ezinbestekoa da Udalak ateak irekitzea, zubiak jartzea, elkarlanerako prest egotea.

Hori ez da gertatzen ordea, eta horren adibide dugu hilabete honetan udaletxean bizi izan duguna; Habeako kide garenok Azpeitia euskalduntzeaz gain badugu bestelako erronkarik, Euskal Herri euskaldun bat lortzeko bidean urratsak ematea. Horretarako, gaur egun ditugun bitartekoak ez dira nahikoa, politika berri bat beharrezkoa da helburu hori lortu nahi badugu.

Eta hori eztabaidatu nahiean mozio bat sartu genuen plenoan tratatu zedin. Alkateak gure mozioa beste hirurekin batera (aitzakiak aitzaki) ez zuen plenoko gai ordenean sartu. Zergatik?

Udalak duen jarrera itxiaren adibide bat baino ez da hori. Eztabaida bultzatu nahi ez duenaren adibide. Ez da hau alderdikerietan ibiltzeko gai bat, euskarak bizi duen egoerari konponbiderik bilatu nahi badiogu, herriko eragile eta herritarren parte hartze zuzena bilatu eta adostetik etorriko baita. Hau da Habeak hartzen duen konpromisoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide