Edukiontziak erretzeagatik bi gazte atxilotu dituzte

Urola Kostako Hitza 2006ko eka. 10a, 13:06

Errebaleko paper eta edukiontziak.

.16-17 urteko bi gazte edukiontziak erretzen harrapatu ditu Udaltzaingoak (Urola Kostako Hitza)

Azken 6-7 asteetako kontua izan da. Larunbat gauero edo igande goizero, paper eta kartoi edukiontziak erreta agertu izan dira Azpeitiko hainbat auzotan. Auzotarrak kexu ziren, eta egoera horrekin bukatzeko eskatu zuten.

Ondorioz, Azpeitiko Udaltzaingoak langile bat gehiago jarri eta zaintza berezia egin zuen pasatu den larunbatean. Udaltzainek bi lagun atzeman zituzten Loiolabide kaleko edukiontzi bat erretzen.

.16 eta 17 urteko bi gazte azpeitiar dira azken asteetako gertaerak egitearen susmagarri nagusiak, baina ikerketa zabalik dago beste hirugarren bat egon daitekeelako. Adin txikikoen fiskaltzan ikerketa zabaldu dute gertaeren nondik norakoak argitzeko.

Dirua kiskaltzen

Azpeitiko Udalak jakitera eman duenez, edukiontzi bakoitzak 600 euro balio du. Hondakinak jaso eta edukiontzi berriak jartzea balio duena kontuan izan gabe, Udalak, edukiontzi berriak jartzen, guztira 3.600 euro gastatu dituela salatu berri dute Udal agintariek.

Horrelakorik gertatu ez dadin "Udaltzaingoak lanean jarraituko" duela gaineratu du Azpeitiko Udalak, baina "herritarren parte-hartzea" ere eskatu du. Hau da, inork horrelako ekintzarik ikusiz gero, salatzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide