Atzo (astelehena) bukatu ziren Nuarbeko Trinitate jaiak. Hiru egunez hainbat ekitaldi egin dute. Larunbatean herri afaria izan zen, plazan, eta "arrakasta" izan zuen: 90 lagunetik gora elkartu ziren. "Oso erantzun ona izan du aurten herri afariak, festak ondo hasteko abiapuntu ederra", zioen Martin Alegria nuarbetarrak.
Goizaldean, urteroko ohiturari jarraituz baratzuri-zopa jan zuten. Mutxerreneko Joxe Mari Etxeberriak sei ontzika prestatu zituen.
Igandean, eguerdian Azpeitiko Udal Musika Bandak kontzertua eman zuen, eta ondoren hamaiketakoa eman zuten antolatzaileek. Arratsaldean, Iparraldeko Jokoen ikuskizuna izan zen Herri Kirol Jaialdiaren barruan. Gero, Izer eta Alabierren trikiti doinuekin "giro ederra" izan zen.
Atzo, haur jolasak izan ziren arratsaldean, eta iluntzean erromeriarekin agurtu zituzten aurtengo trinitateak.