Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako finaleko atarian geratu da Azpeitia. Ostiralean (hilak 16), Azkoitia-Azpeitia finalerdia jokatu zen , eta egindako tanto kopuruari esker Azkoitiak jokatuko du azken norgehiagoka. Azkoitia eta Donostia artean dago txapela.
Azkoitia-Azpeitia finalerdia ikusteko bete egin zen Azkoitiko Gurea pilotalekua, eta oso giro ona sortu zen bertan. Kadeteetan eta jubeniletan, Azkoitiak alde handiz irabazi zion Azpeitiari: 22-3 eta 22-5. Beraz, bi emaitza horiekin finala nork jokatuko zuen erabakita zegoen. Afizionatuen mailan irabazita ere, Azpeitiak ez zeukan zer eginik.
Eta halaxe gertatu zen. Azpeitiak afizionatuetan erraz irabazi zion Azkoitiari: 22-12. Partida osoan aurretik ibili ziren azpeitiarrak. "Lehenengo partidarekin genuen esperantza, bagenekiek gure afizionatuak hobeak zirela. Jubeniletan ordezkoekin jokatu genuen eta frontoiak ere asko egiten du" adierazi dio Jexux Ruiz ArgandoƱa Azpeitiko Ilunpe pilota taldeko arduradunak Uztarriari.
Azkoitiaren eta Azpeitiaren arteko finalerdia tantoek erabaki dute. Joanekoan 2-1 irabazi zuten azpeitiarrek, Frontoi Txikin. Baina, itzulikoan azkoitiarrak izan dira 2-1 egin dutenak.
Finala, uztailaren 1ean
Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako finala uztailaren 1ean jokatuko dute, Tolosako Beotibar pilotalekuan, 16:00etan. Azkoitia eta Donostia ariko dira nor baino nor, txapelaren bila. Finalerdietan, Donostiak 2-1 irabazi dio Andoaini, bai joanekoan eta baita itzulikoan ere. Tolosan jokatu den finalean Azkoitiarrak irabaziko dutela uste du Jexux ArgandoƱak, "lehenengo bi partidak Azkoitiarrek irabaziko dituzte".