EHEk deitutako manifestazioarekin desadostasuna azaldu du Udalak

Julian Eizmendi Azpeitiko Alkatea eta Ana Mendizabal Euskara batzordeburua 2006ko eka. 20a, 18:06

Ana Mendizabal eta Julian Eizmendi arratsaldean egin duten agerraldian.

Euskal Herrian Euskarazek ostiralerako (ekainaren 23rako) deitu duen manifestaziaren aurrean Udalak "elkarlana eta elkartasuna" adierazi die anbulatorioko langileei

Datorren ostiralean (2006-06-23) Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz taldeak antolatu duen manifestazioaren aurrean Azpeitiko Udalak bere desadostasuna adierazi nahi du:

1).- Azpeitiko Udala Euskara bultzatzeko plangintza estrategiko bat aurrera eramaten ari da Azpeitian: Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN). Plan horrek Azpeitiko gizartearen arlo guztietan eragitea du aurreikusita, baita osasun-arloan ere.

Hain zuzen ere, Azpeitiko Udalak osasun-arloan azpeitiarrek izan behar dituzten hizkuntza-eskubideak arautu ditu 2005eko abenduan onartu berri duen Euskararen Udal Ordenantzan.

2).- Gai honetaz, Azpeitiko Udala, orain baino lehen, jarri da harremanetan Osakidetzako arduradunekin; eta Urola Kosta eskualdean Euskara Normalizatzeko Plan bat garatzen ari direla jakinarazi digute. Eta Plan horren datu batzuk hauek lirateke:

Osakidetzako Urola Kosta eskualdean, Lehen Mailako Asistentzian, Euskara Normalizatzeko Planak finkatzen du Azpeitiko pertsonalaren % 80k gai izan behar duela euskaraz hitz egiteko 2008an.

  • Gaur egun langileen % 49k bete du hizkuntza eskakizuna eta, horretaz gain, % 16 ia-ia euskalduna da.
  • Kontuan hartzen badugu goizeko eta arratsaldeko pertsonala soilik (EAGa -Etengabeko Arretako Gunea- izan ezik), % 60k bete du hizkuntza eskakizuna eta, horretaz gain, % 12 ia-ia euskalduna da).
  • 2004ko urritik 2005eko otsailera bi erizain eta mediku bat liberatuak izan dira euskara ikasteko.
  • 2005eko otsailetik 2006ko ekainera mediku bat eta erizain bat liberatuak izan dira euskara ikasteko.
  • 2005eko urritik 2006ko otsailera pediatra bat liberatua izan da euskara ikasteko.
  • 2006ko otsailetik 2006ko ekainera mediku bat liberatua izan da euskara ikasteko.
  • 2006ko urritik 2007ko otsailera erizain bat liberatua izan da euskara ikasteko.

3).- Plangintza guztiek epe bat behar dute garatu ahal izateko eta emaitzak emateko. Azpeitiko Osasun-Etxean euskarak duen egoera konpontzeko borondatea azaldu dute bertako arduradunek eta, aurreko datuek adierazten duten bezala, bitartekoak ere jartzen ari dira.

Azpeitiko Udalak Euskara Normalizatzeko Plan hori aurrera eramateko elkarlana ez ezik, behar adinako laguntza eta bere eskura dituen baliabide guztiak ere eskaini dizkio Osakidetzari.

4).- Azpeitiko Udalak euskarari buruzko proposamenak eta ekimenak aurkezteko eta aztertzeko udal mailako batzorde bat dauka eratuta eta herritar nahiz talde guztien parte hartzeari zabal-zabalik dago: Azpeitiko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren Udal Aholku Batzordea.

Behin baino gehiagotan eskaini diogu Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz taldeari EBPNren Udal Aholku Batzordean parte hartzeko aukera, baina Azpeitiko EHE taldeak ez du mahai horretan parte hartu nahi.

5).- Azpeitiko Udalaren ustez euskararen normalizazioa elkarrekin egin behar dugu eta ez elkarren kontra, are gutxiago, intimidaziotik gertu dauden ekintzak erabilita. Euskararen normalizazioa ez da errudunak bilatuz egiten baizik eta elkarlana eta elkarrizketa eskainiz. Horregatik, Azpeitiko Udalak laguntza, elkarlan eta elkartasun erabatekoa adierazi nahi dio Azpeitiko Osasun-Etxeko langilegoari Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz taldeak datorren ostiralean (2006-06-23) antolatu duen manifestazioaren aurrean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide