Azpeitiko EAJri

Ioritz Aizpuru (Azpeitiko Euskal Herrian Euskarazen izenean) 2006ko eka. 21a, 12:06

Udalak atzo (asteartea) emandako iritziari erantzun nahi izan dio EHEk

Atzo (asteartea) Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak eta Ana Mendizabal Euskara Batzordeburuak egin zuten agerraldiari puntuz puntu erantzunez:

Lehenik eta behin esan, EHEko kideok harrituta eta haserre gaudela zuen agerraldia dela eta. Badira urte batzuk anbulatorioko hizkuntza eskubideen urraketa salatzen hasi eta honi irtenbidea eman nahian lanean ari garela. Behin baino gehiagotan jo izan dugu Udalera zuen iritzia jasotzera, abenduan bertan mozioa aurkeztu genuen gaiaz Osoko Bilkuran alderdietako ordezkarien iritzia jaso eta hitz egiteko. Baina ez zenuten hitz egin nahi izan. Gauza bera pasatu zen duela bi aste, gure aldarrikapenarekiko zuen iritzia jaso nahi izan genuenean. Oraindik ez dugu zuen erantzunik jaso, eta bat-batean manifestazioarekiko desadostasuna adieraziz, prentsaurreko bat eman duzue “Euskara elkarlanetik eta elkarrizketatik bultzatu” izenburupean. Zuentzako zer da elkarlana? Norekin aritzen zarete elkarlanean? EHE herriko ia 50 eragilerekin bildu da azken asteotan euskararen egoera dela eta, ba al dakizue herrian zuek izan zaretela iritzirik eman ez duzuen bakarrak?, horra hor zuen bakarlana.

1).- Egia da, osasun-arloan azpeitiarroi badagozkigun hizkuntza eskubideak arautu zenituztela 2005eko abenduan Euskararen Udal Ordenantzaren bidez. Baina nola bermatzeko asmoa duzue hori? Galdera hori abenduan ere luzatu genizuen eta oraindik ez dugu erantzun zentzuzkorik jaso. Ordenantza horietan bederatzigarren artikuluak ere ondorengoa dio:

  • Udaltzaingoak eta Ertzaintzak eraginkortasunez euskaraz harrera egin eta erantzun diezaieten eskubidea.
  • Estatuko indar eta segurtasun-kidegoek eraginkortasunez euskaraz harrera egin eta erantzun diezaieten eskubidea.

Pozten gara eskubide horiek aitortzeaz, ez dira eta egungo egoeran ahuntzaren gauerdiko eztula! Baina egin ote dio norbaiti estatuko indar polizialen batek euskaraz? Udal Ordenantza horiek ez dute ezertarako balio, betetzen ez badira ez behintzat.

2).- Osakidetzakoekin ere zer duzue, elkarlana? Zuek jakinarazi diguzuenez, ez duzue inongo harremanik, Euskara Batzordeburuak 2005ean bi paragrafodun gutun bat idatzi zion Osakidetzako arduradunari. Guk eskatu behar izan genion gutun hori idazteko, herritarren sinadurak jaso baikenituen.

Hamaika aldiz zuzendu izan gara Osakidetzako arduradunarengana eta zuengana anbulatorioko langileen euskara-gaitasuna zenbaterainokoa den jakin nahian. Osakidetzako arduradunak gutun bidez erantzun zigun, datu zehatzik ez zuela, datuak lortu ahal izateko langileen artean egindako galdeketa borondatezkoa zela. Udalean abenduan izan ginen datu horiek lortu nahian, eta zuek anbulatorioan eskumenik ez zenutela-eta datu horiek ezin zenituztela lortu erantzun zeniguten. Eta orain, prentsaurrekoa datu guztiekin? Badakigu astelehenean bertan lortu dituzuen datuak direla, Mendizabalek berak esana. Horixe da Osakidetzarekin duzuen elkarlana eta ez besterik!

A ze datuak! geuk uste baino larriagoak! Euskaraz ikasteko liberatu dira bai, baina lanera itzultzean euskaraz hitz egiteko gai ote dira? EZ.

3).- Euskaldunok dugun egoera konpontzeko Osakidetzako arduradunek borondatea azaldu dutela diozue. Zein da hauen borondatea? Herritarren diruaz baliatuz nahi duenak epe batez liberatu euskaraz ikasteko, eta euskaldundu gabe lanera itzultzea?

4).- Aholku Batzordearekiko dugun jarrera behin baino gehiagotan arrazoitu dugu. Aurrez erabakiak hartuta dauden gune batean parte hartzeko prest ez gaude. Azpeitia euskaldundu nahi dugu, elkarlanean, ados. Eta horretarako Udalak guneak eskaini behar ditu, euskara dela eta erabakiak hartzeko guneak, euskara ez baita zuek erabakitako plan bat soilik (EBPN). Azpeitia euskalduntzeko gune zabal eta irekia eskaintzean hartuko du parte EHEk. Gonbidatutako gehiengo haundi batek ere ez du parte hartzen gune horretan. Baduzue zer aldaturik!

5).- Azken puntuan euskararen normalizazioa elkarrekin egin behar dugula diozue, gure ustetan zuek zarete elkarlanean ari ez zareten bakarrak, adibide garbia egingo dugun aldarrikapenarekiko izan duzuen jarrera da. Ia herriko eragile guztiek bat egin dute aldarrikapenarekin eta zuek prentsaurrekoa desadoztasuna agertzeko, txalotzekoa zuen elkarlana, bakarlana alegia.

Azkenik, anbulatorioko langilegoari babesa adierazi diozue egingo dugun manifestazioa dela eta. Nor, noren aurrean babestu behar duzue? Argi dugu, eta zuek ere argi duzue (nahiz eta gure lana zikindu nahian aritu), gure lanaren helburua ez dela langileak “intimidatzea”, egoeraren arduradunak mugiaraztea baizik, Osakidetza, Lakua eta zuek, EAJ alegia.

Gauzak horrela, geurean jarraitzen dugu, eta orain arte bezala, elkarlanerako prest. Beraz, berriro ere herritarrei hizkuntza eskubideen defentsan ostiralean egingo den manifestaldian parte hartzeko dei egin nahi diegu, baita zuei ere, elkarlanerako prest izango zaretelakoan!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide