Lehentasuna euskara hutsezko komunikabideen eskaintza indartzea da

Uztarria Kultur Koordinakundea (eta euskarazko prentsako beste 47 eragile) 2006ko eka. 30a, 13:06

Euskarazko prentsako sektoreko eragileek idatzia egin dute Eusko Jaurlaritzara begira

Jaurlaritzak sektorerako aurten 59.050 euroko igoera soilik aurreikusi du eta "irizpide berriak aplikatzen hasi da, hedabideokin hausnarketarik egin gabe"

Agiri hau sinatu dute euskal prentsako 48 eragilek Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailera begira (Urola Kostako Hitza):

“Euskarazko hedabideen eta Eusko Jaurlaritzak hauen sustapenerako banatzen dituen diru laguntzen gainean iritzi asko entzun dira azken asteotan. Hiru punturen gainean egin nahi genuke ekarpena ohar hau sinatzen dugun euskarazko hedabideetako eragileok:

—Bost urteko izoztea eta gero, euskarazko prentsarentzako diru partida milioi bat eurotan handitu zezala 2006an eskatu genion Eusko Jaurlaritzari. Deialdian 950.000 euro gehiago jaso dira. Horietatik, ordea, 59.050 euro baino ez dira milioi bateko igoera eskatu zuen prentsa-idatziarentzat.

—Azken urteotan Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hedabideekin diru laguntzak banatzeko irizpideen gaineko hausnarketa egiteko asmoa adierazi izan du behin baino gehiagotan. Urteotan sortu diren eztabaida gehienek zerikusi zuzena dute irizpide horiekin (dela lehentasunak ezartzerakoan, dela aurrekontuak zehazterakoan edo prentsa elebidunarentzako laguntzak proposatzerakoan). Agiri hau sinatzen dugun eragileon iritziz, Administrazioa eta hedabideon artean irizpide horietaz hitz egiten hasteko momentua da. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari azaldu izan diogu mahai baten inguruan gai hauetaz hitz egiteko gure borondatea eta, Kultura Sailak berak ere azaldu izan du horretarako prestutasuna. Denbora aurrera doa eta ez da hedabide eta Administrazioaren artean hausnarketarik egin; bitarte horretan, irizpide berri batzuk aplikatzen hasiak dira jadanik. Guk hausnarketa horri ekiteko prest gaudela berretsi nahi dugu.

—Hedabideetan euskararen presentzia handitzeko eta euskarazkoen kontsumoa areagotzeko euskarazko hedabideek edo elebidunek duten garrantzia eta funtzioaren inguruko eztabaida ere ez da berria. Orain arteko azterketek erakusten digute nagusiki erdara erabiltzen duten hedabideetan euskararen presentzia ez dela igo euskaldunen kopurua handitzen joan den adina. Nagusiki erdara erabiltzen duten hedabideek hainbat saiakera egin dituzte (ohiko orrialdeetan berriak euskaraz idatzi, euskarazko gehigarriak egin...) baina orain arte ez da garapen nabarmenik egon. Euskarazko hedabideek, ordea, garapen ikusgarria izan dute: duela 30 urte lauzpabost aldizkari izatetik 100 hedabide baino gehiago izatera pasa gara. Eskaintza handiagoa eta anitzagoa da eta, era berean, askoz ere irakurle kopuru handiagoa dute euskarazko hedabideek (informazio orokorrekoek, tokian tokikoek zein espezializatuek). Beraz, euskarazko hedabideak argitaratzen ditugun eragileon aldetik, eta euskarazko eskaintzan oraindik ere zeregin handia dagoela kontuan harturik, lehentasuna euskara hutsezko eskaintza indartu eta zabaltzen jarri beharra dagoela uste dugu”.

Sinatzaileak. Euskarazko prentsako 48 eragile.
-Aizu!
-Jakin.
-Uztaro.
-Ipurbeltz.
-Elhuyar.
-Nabarra.
-Berria.
-Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza.
-Oarsoaldeko Hitza.
-Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza.
-Urola Kostako Hitza.
-Irutxuloko Hitza.
-Goierriko Hitza.
-Busturialdeko Hitza.
-ON.
-Goierritarra.
-Aikor.
-Aiurri.
-Aldaize.
-Anboto.
-Artzape.
-Baleike.
-Barren.
-Begitu.
-Berton.
-Danbolin.
-Drogetenitturri.
-Eta Kitto!
-Galtzaundi.
-Gaztetxulo.
-GEU.
-Guaixe.
-Hernaniko Kronika.
-Karkara.
-Maxixatzen.
-Noaua!
-Otamotz.
-Pil-Pilean.
-Prest.
-Pulunpe.
-Txintxarri.
-Txaparro.
-UK.
-Uztarria.
-Topagunea.
-BAT.
-Kalaputxi.
-Goienkaria.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide