"Euskara normalizatzeko hitzarmena" sinatu dute

Urola Kostako Hitza 2006ko uzt. 8a, 12:07

EMUNeko Dani Larrea eta Ana Mendizabal Euskara Batzordeburua.

EMUN kooperatibak eta Azpeitiko Euskara Patronatuak lankidetza akordioa egin dute (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko Euskara Patronatuak eta EMUN kooperatibak Lankidetza Hitzarmena sinatu zuten atzo. Euskara Patronatuko Patxi Saezek eta Ana Mendizabalek, eta EMUNeko lehendakari Dani Larreak sinatu zuten dokumentua Patronatuaren egoitzan egin zuten ekitaldian.

Ahalegin bateratua

"Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia da Azpeitian euskara gizarte-esparru guztietara zabaltzeko giltza. Bere helburu nagusia euskara edonork, edonon eta edozertarako erabiltzea da", adierazi zuen Patxi Saezek sinadura ekitaldian. Helburu hori gizarteko hiru mailatan lortu behar dela ere aipatu zuen, "maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean". Hitzarmena "bide horren mugarri" gisa definitu zuen.

Ana Mendizabal Azpeitiko Euskara Patronatuko lehendakariak erakundearen egitekoak eta helburuak azaldu zituen. "Esku artean dugun zereginean ez da miraririk izango, baina nahi izatetik ahal izaterako bidean ondo etorriko zaizkigu dinamizazioan, tresna metodologikoetan eta abar, ekarpen eta lan guztiak", esan zuen.

EMUN Kooperatiba Elkarteko lehendakari Dani Larreak hartu zuen hitza ondoren. "Euskara normalizatzeko prozesuaren baitan, edozein motako enpresetan, administrazio nahiz bestelako erakundeetan, lana eta euskara uztartu nahi dugu, lan mundua euskaraz garatzeko, bezeroen asebetetzea lortuz", adierazi zuen Larreak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide