Joxe Mari Larrañaga, Lagun Onak-eko presidente

Urola Kostako Hitza 2006ko uzt. 12a, 13:07

Joxe Mari Larrañaga Lagun Onak Futbol Klubeko presidente berria eta Joxe Mari Eizagirre presidente ohia, batzarrean, astelehenean.

Joxe Mari Eizagirre futbol klubeko lehendakari ohiak "pozik" hartu du berria

Larrañaga lehen ere Lagun Onak Futbol klubeko presidente izandakoa da (Urola Kostako Hitza)

Hirugarrenean bai. Lagun Onak Futbol Kluberako presidentetzarako hautagaia aurkeztu da. Joxe Mari Larrañagak bere burua aurkeztu du futbol kluba zuzentzeko, eta onartu egin dute.

Futbol denboraldia bukatu ahala Joxe Mari Eizagirrek presidente kargua uzteko nahia azaldu zuen. Lagun Onak Futbol Klubak batzar nagusia deitu zuen, baina hautagairik ez zen aurkeztu. Astebete barru beste bat deitu eta han ere kargua hartzeko prest zegoen inor ere ez zen azaldu. Astelehenean, hirugarren batzarra egin zuten, bertara futbol klubeko bazkideak eta futbol taldeetako jokalarien gurasoak deitu zituzten. Jende gutxi izan zen hirugarren honetan ere, baina hautagai bat aurkeztu zen: Joxe Mari Larrañaga.

Hura lehen ere Lagun Onak Futbol Klubeko presidente izandakoa da (88-89, 89-90, 90-91 eta 91-92 denboraldietan). Hainbat urtean zuzendaritzako kide ere izan da. Azken denboraldian, berriz, zuzendaritza batzordeko kidea eta diruzaina izan da. "Presidente berria aukeratzeko bi batzar deitu eta inor ez da aurkeztu. Beraz, joan den astean zuzendaritza bildu eta batzar hau deitzea erabaki genuen; futbolarien gurasoei eta bazkideei dei berezia eginez. 200 jokalari baino gehiago dabiltza Lagun Onak-en eta 450 bazkide inguru ditu. Egoera honetara iritsi izana penagarria da. Hamar futbol talde ditu Lagun Onak-ek eta hori dena bertan behera ezin dugu utzi", esan du Larrañagak bere hautagaitza aurkezteko garaian.

Eizagirrek "poza" hartu du Larrañaga presidentzarako aurkeztu delako: "Lehen ere futbol klubeko presidente izana da, eta esperientzia dauka. Lagun Onak ez dugu esku txarretan uzten".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide