Bai Euskarari Ziurtagiria dutenen diptikoa argitaratu dute

Urola Kostako Hitza 2006ko uzt. 18a, 13:07

Bai Euskarari Ziurtagiria.

Udaletxeetan, euskara elkarteetan eta kultur etxeetan izango dira eskuragarri (Urola Kostako Hitza)

Diptikoen egilea, Eregi Azpeitiko Euskara eta Komunikazioa enpresa izan da

Urola Kostan Bai Euskarari Ziurtagiria duten denda, elkarte, enpresa eta bestelako erakundeen zerrendarekin diptikoak atera dituzte, bakoitzaren harremanetarako telefonoa eta datuak bilduz.

Eskualdeko bederatzi herrietan ziurtagiria duten 167 erakunde daude biltzem ditu. Gehienak, Azpeitian, Zestoan eta Zarautzen daude, izan ere herri hauetan ari da garatzen Bai Euskarari Akordioa. Azkoitian ere aurreko astean egin zuten Udalak eta Kontseiluak lankidetza hitzarmena.

Diptiko honen bitartez, herritarrek "euskararen aldeko urratsak ematen ari diren erakundeak" zein diren jakin ahal izango dute. Diptiko honekin, euskararekin konprometitzen diren guneak kontuan hartzeko eskatu nahi diote herritarrei.

Diptikoak, ziurtagiria duten guneetan ez ezik, Urola Kostako udaletxetan, euskara elkarteen egoitzetan, liburutegietan eta kultur etxetan eskura daitezke. Guztira 4.000 ale banatuko dituzte, "herritar guztiek eskura izan ditzaten".

Diptikoen egilea, Azpeitiko Eregi Euskara eta Komunikazioa enpresa izan da. Euskara zerbitzuez gain, Bai Euskarari Ziurtagiria prozesuaren baitan, ziurtagiria duten erakundeen aholkularitza teknikoaz arduratzen da Eregi.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide