Saninazioetako programaz, ohar batzuk

Jon Agirre 2006ko uzt. 19a, 17:07

Webgune honek ematen didan aukera baliatu nahi dut aurtengo saninazioetako programa eta saninazioak beraiek kritikatzeko

Hasteko, esan nahi dut oro har ez zaizkidala saninazioak gehiegi gustatzen, oso jai instituzionalak iruditzen zaizkidalako (sumatuko duzue hau irakurritakoan). Behin hori esanda, esan nahi dut, baita ere, errua Udalarena bakarrik ez dela, herritarrona ere badela. Nik neuk ez dut behatzik mugitu festa hauek aldatzeko, baina orain kritika egitea erabaki dut. Hona ohar batzuk:

—Aurtengo programa oso-oso erlijiosoa iruditzen zait. Badakit San Inazio jaiak ospatzen ditugula, eta badakit aurten San Inazioren urteurrena ere ospatzen dugula, baina iruditzen zait jaiei eman ahal zaiela irudi agnostikoagoa, ez dakit nola esan. Espainiako Konstituzioak esaten du erlijio askatasuna dela hemen ere, Azpeitian ere nagusi; baina gero, denon diruarekin, jai oso-oso katoliko-kontserbadoreak antolatzen dira, eta aurtengo programan inoiz baino argiago erreflejatu da izaera katoliko hori. Alkatearen agurraren zatirik handienak erretorearen sermoia dirudi; azala bera, zer esango dizuet ba... Eta gero orrialde guztietan gure santuaren urteurren santua gogorarazte hori.....

—Aurtengo programa, azken aldikoen bidetik, luxu handikoa iruditzen zait. Luxu handiegia, nire ustez. Badakit jende batek gustura jasotzen duela programa, gustura begiratzen dituela argazkiak, gustura irakurtzen.... Baina luxu handiegia, nire gusturako. Luxu handiegia, Azpeitiaren tamainarentzat. Betikoa da, baina gogoraraztea ere ez dago gaizki.

—Eta gero programa berak erreflejatzen duena (I): jai instituzional-burokratiko-kontserbadoreak dira saninazioak, nire ustez. Argazkietan ez txosnarik, ez jai herrikoien ekitaldirik, ez kalejira herrikoirik... Eta horiek bakarrik ez dira saninazioak, jakina; baina horiek ere badira saninazioak (eta, ez dakit ba, Loiolako argazki horretan ere euskal presoen senideak argazkitik milimetrikoki kenduta daudela iruditzen zait....; baten batek lana egin duela kontzentrazioa argazkian ez azaltzeko ere; eta horiek ere badira saninazioen parte.)

—Bukatzeko, programak berak erreflejatzen duena (eta II): saninazioak oro har jai arrotzak dira euskaldunontzat: zezenketek transmititzen duten kultura espainola da; Plaza Nagusian Golden Apple Quartet espainolez, eta Olazko Amaren plazatxoan, ezkutuan, Tapia eta Leturia euskaraz, dena ordu berean. Esanguratsua oso. (Sanferminetan ere euskal kutsuko ekitaldiak erdigunetik urrun jartzen ditu UPNk, Media Luna parkean).

—p.d. Beharbada, baten batek esango dit: "Jaietan politika utzi alde batera, moteil!". Eta nik esango nioke: programa honek erreflejatzen duena ez al da ba politika? Batzuen aldeko politika, denon diruarekin pagatutakoa?

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide