Joxe Mari Larrañaga: "Futbol klubean aldaketa eman beharra dago"

Urola Kostako Hitza 2006ko uzt. 20a, 12:07

Joxe Mari Larrañaga.

Klubeko zuzendaritza denboraldi berria prestatzen ari da (Urola Kostako Hitza)

Joxe Mari Larrañaga (Azpeitia, Loiola, 1960) Lagun Onak Futbol Klubeko presidente berria da. Aurretik ere lau denboralditan ardura hori izana da. 1986-1987 denboralditik Futbol Klubeko zuzendaritzako kidea da. Beraz, 20 urte betetzear dago. 2006-2007 denboraldia hasi aurretik egin beharreko lanetan murgilduta daude orain, eta klubaren funtzionamenduan aldaketa batzuk egiteko asmoak dute.

Nolatan animatu zara presidente kargua hartzera?

Joxe Mari Eizagirrek urte asko egin du presidente karguan, eta bere erabakia uztea zela esan zigun. Hasieran utzi egin behar zuela esaten zuen, baina guk uste genuen jarraitu egingo zuela, esperantza horrekin luza eta luza egin dugu. Baina azkenean batzordekoei utzi egin behar zuela esan zigun, eta orduan, guk geuk jarraitzea erabaki dugu, beste berri batzuk sartu eta martxa hartu bitartean.

Orduan zuzendaritzako kideek jarraitu egingo dute?

Bai, lehengo kideok jarraituko dugu zuzendaritza batzordean. Baina beste bi-hiru lagunek ere batzordean lana egingo dutela hitz eman digute. Lehen futbolean ibilitako batzuk, aurten ez bada ere aurrerago, lan egiteko asmoa azaldu digute, eta ea pixkanaka-pixkana batzordea berritzen dugun. Ea denon artean, hemendik urtebetera edota bi urtetara, aldaketa hori ematea lortzen dugun, eta gu erretiratzen garen.

Jendea zergatik ez da animatzen Futbol Klubean lan egitera?

Nire ustez, oraingo gazteek eta belaunaldi berriek asteburuak-eta jai izan nahi dituzte, eta futbolak lotura handia eskatzen du. Koadrila edo talde bat ez bada sartzen, zaila izaten da banan-banan jendea bilatzea. Lehengo futbola gustukoa izan behar da, eta gero lan egin behar.

Futbol klubak aldaketa behar duela aipatu duzue bileretan.

Bai, bai. Gurasook ere konturatu egin behar dugu, beste toki batzuetara heldu den bezala, futbol klubera ere aldaketa helduko dela. Guri, igoal, gehiago kostatu zaigu aldaketa hori ematea, baina eman beharra dago. Gurasoek seme-alabak futbolen dituzten bitartean parte hartu egin behar dute. Zergatik? Aurrekontu handiak ditugu, eta futbola kirol garestia da. Kostu denak gora dihoaz, eta gurasoek ere zerbait jarri beharra daukate. Oraindik ez dugu erabaki zenbat eta nola, baina gurasoek ere semea edo alaba futbolean ibiltzeagatik zerbait ordaindu beharko dute.

Orain hori aztertzen ari al zarete?

Bai, eta denboraldi hasierarako futbolean dabiltzanen gurasoei txosten bat bidaltzeko asmoa daukagu. Orduan azalduko dizkiegu aldaketak eta zenbat ordaindu beharko duten, eta baita diru horrekin zer ordainduko den ere. Asmoa behintzat hori da. Donostian futbol talde batzuek ere egiten dute hori. Gero, talde bakoitzetik gurasoren bat zuzendaritza batzordean egotea ere eskatuko dugu; asmo hori ere badaukagu. Horrela, hemen barruko kontuak ikusiko dituzte, eta erabakiak denon artean hartuko ditugu.

Garmendipeko futbol zelaira, futbol partidetan, zaletu gehiago erakartzeko asmorik ba al daukazue?

Ez da erraza zaletuak futbol zelaira erakartzea, baina ari gara gai horren inguruan ere zer egin daitekeen pentsatzen eta buruari bueltak ematen. Baina zerbait pentsatu beharra daukagu, eta ahalegina egingo dugu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide