Lan Mobel Iraurgi saskibaloi taldeak oraindik ez daki 2006-2007 denboraldian zein talderen kontra jokatuko duen EBA Ligan. Izan ere, Kanariar Uharteetako hiru talde sartu dituzte Iraurgirekin batera A taldean, eta kanariarrek errekurtsoa jarri diote Kabildoari gertuagoko taldeez osatutako multzoan sartzeko eskatuz. Ondorioz, atzo, osteguna, kaleratu beharreko denboraldiko egutegia lau egunez atzeratu du federazioak.
Iraurgik beste 15 talderekin batera jokatuko du datorren denboraldian. Errekurtsoaren erabakia kontuan izan gabe, Asturias, Avila, Bizkaia, Kantabria, Galizia eta Zamorako taldeekin jokatzeaz gain, Kanariar Uharteetako beste hiru talderekin neurtuko dira Iraurgikoak. "Kanpoko partidak jokatzeko 15 irteeratik 7 Galiziara izango dira. Gainera, Kanariar Uharteetara hiru aldiz joan behar badugu, horrek aurrekontuan sekulako eragina izango du", gaineratu dute Iraurgikoek.
Denboraldi hasiera
Irailaren 10ean hasiko da EBA Ligako aurredenboraldia. 2006-2007 denboraldiko lehen partida, berriz, irailaren amaiera aldera jokatuko dute Lan Mobel Iraurgikoek.