Gertatutakoa kontatzera nator:
Autoa alpertu egiten zait tarteka (jabearengandik ikasiko zuen). Astelehena zen. Ez aurrera eta ez atzera zegoen, eta nik lanera joan behar. Autobusen ordutegia begiratu eta ordurako anbulategi aurrean nengoen zain. Alperrik, ordutegia gaizki zegoen eta. Etsi-etsian, lagun bati deitu nion lanera berandu iritsiko nintzela eta ea mesedea egingo zidan eskatzeko. Autoa utzi zidan. Etxera bueltan, autoa zezen plaza ondoan aparkatu nuen.
Santiyo egunean, festa giroan, lagunak deia:
-Hi, nun utzi huan kotxie?
-Plaza torosien, zeba?
-Munipak hotsein tzibek gaixki aparkaute daola ta kentzea juteko. Hartzea nitxik, bale?
-Bale, barkau.
Lagunari emandako lanengatik idazten dut honakoa:
Uztailaren 23an, bonberoarenak egiten dituzten toreroak izan ziren Azpeitiko zezen-plazan. Ikustera gerturatu zirenei irri batzuk atera eta arratsaldea alaitzeko asmo zintzoa izango zuen talde txiki ausartak.
Bestelako toreroak ere izan ziren zezen-plazan; handiagoak tamainaz. Horiek, berriz, arratsaldea petraldu ziguten.
Zezen plaza ondoan autoa ondo aparkatuta zutenei kentzeko agindua eman zieten udaltzainek (beste batzuen partez aurpegia eman eta gure petralkeriak jasan behar izan zituzten morroiak). Garabia eta guzti ekarri zuten (ez zuten erabili). Bik izan ezik beste guztiek kendu zuten autoa, eta zertarako? Ba, udaletxeko ordezkari batzuek eta festa batzordekoek zezen plazara joan eta aparkatzeko arazorik izan ez zezaten. Torero bonberoak ere ez lirateke gai izango askori sortutako haserrea itzaltzeko. 20 bat aparkaleku hustu zituzten, 10 bat betetzeko.
Santiyo egunean, desenkajonamentua. Kontatu dut zer gertatu zen.
Saninazioetako hiru korrida egunetan berdina egingo duten beldurrez zera: norbaitek azalpenak ematea gustatuko litzaidake. Zergatik han bizi denak edo aparkalekua topatzeko suertea izan duenak autoa kendu behar du, beste batzuk utzi dezaten? Edo, beste guztiok baino gehiago ordaintzen dituzte zergak?