Oporrak amaitu dira eta egunerokotasunean hasi behar dugu. Hasteko, eta ez ahaztuta geundelako, Jose Artetxe kaleari begirada bat botaz hasiko gara. Kale honetan jende asko ibiltzen da. Baditu ordea zenbait gauza hobetu beharko liratekeenak. Hona hemen Aralar taldeak egiten dituen zenbait proposamen:
- Lehen Gau Txori zegoen aldean dauden aparkalekuetan autoentzat topeak ipintzea. Hau da, espaloiraino muturrik sar ez dezaten, oinezkoek espaloian eroso ibiltzeko moduan. Lurrean zeharka jarritako zementuzko topeak nahikoak dira eta ez dira garestiak. Autoak atzerago geldituko lirateke eta "doble fila" nekezago sortuko litzateke.
- Betharrametako kapila aurrean dagoen zebra-bideak ez du jetsierarik anbulatoriorako bidean, nahiz eta inguruan denak moldatuta egon.
- Autobus geltokiak eta anbulantziak sartzeko lekuak ez daude egoki. Alde batetik, autobus geltokiak errebisatu egin beharko liratekeela uste dugu, bata bestearen oso ondoan baitaude; bi noranzkoetatik autobusak elkarrekin topatzen direnean sortzen den nahasketak ekiditeko (eskola ordutan batipat). Bestetik, anbulantzien sartu-irtenak anbulatoriotik oso deserosoak dira. Agian, anbulantzientzat sarrera berezi bat antolatu beharko litzateke, eta bide batez elbarrituentzat egokitu auto irteera eta sarrerak.
Inguru hori bereziki zaindu behar dela deritzogu lehen aipatu bezala oso leku estrategikoa delako. Anbulatorioa, ikastetxeak, kirol ingurua e.a. Erosotasunaz gain segurtasunean asko irabaziko lukeelakoan gaude.