Memoria freskatzeko

Enekoitz Esnaola 2006ko ira. 14a, 14:09

'El Diario Vasco'-ren 1936ko irailaren 13ko azala.

Atzo (irailak 13) bete ziren 70 urte Francoren aldeko tropek Donostia hartu zutenetik. "Ondorengo asteetan errepresio latza izan zen Donostian, eta frankismoa gizartean barneratzen hasi zen", zioen atzo bertan Irutxuloko Hitza Donostiako euskarazko egunkariak.

Azpeitian bada 'El Diario Vasco'-ren erosle ugari eta, memoria freskatze aldera, 'Irutxuloko Hitza'-k zekarren hau ere jarri behar hemen, DVren orduko azal eta guzti.

Izenburuan zera zioen 'Irutxuloko Hitza'-k: "Falangeren ereserkia, 'El Diario Vasco'-ren azalean". Barruan: "(..) El Diario Vasco Errepublika garaian sortu zuten; 36ko udaran ez zuten alerik kaleratu, matxinatutakoen aldekoa baitzen egunkaria, baina irailaren 13tik aurrera, berriro hasi ziren aleak argitaratzen (...) 'El Diario Vasco'-k ere sutsu egiten zuen frankisten alde; irailaren 18an, Falangeren ereseria jarri zuten azalean. Egunkari horretako erredaktore buruak, besteak beste, honakoa esan zuen hitzaldi batean: «(...) Txalo eta biben artean desfilatzen dute gure soldaduek, Espainiako soldaduek, ohorezko zaldunek, ausardiaren txapeldunek»".

Ez zen harritzekoa orduan hori ekartzea DVk, bi hilabete lehenago, uztailaren 18an, Espainiako Gerra hasi zenean, "Gaur da eguna" esanez zabaldu zuelako egunkaria, Joxean Elosegi historiagileak dioen bezala, "Espainia handia, bakarra eta santua zazpi zeruetara goitituko zuen matxinada faxista eraginkorra prestatzeko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide