Zine Kluba sortu zenetik talde horretan segitzen zuten hainbat lagunek, iazko ikasturtean agur esan zioten lan horri. Hori azaldu zuten idatzi baten bidez, eta horri erantzun nahian zenbait gazte lan horretan hasteko prest azaldu dira.
Jada udaletxearekin jarri dira harremanetan, eta lehenbailehen eman nahi diote hasiera ikasturteari elkartutako lagunek. Orokorrean zine klub guztien helburua "gizarteko gaiak ikuspegi kritiko batetik lantzen dituzten filmak ikuslegoari helduaraztea da", eta talde berri honen zeregin nagusia ere berdina izango da.
Orain arte izan den bezala, hemendik aurrera ere filmeak hamabostean behin eskainiko dira. Baina aldatuko dena zine aretoa izango da; aurten Betharrametan eskainiko dira filmeak, nahiz eta ez den zine emanaldiak eskaintzeko leku egokia.
Lana ez da erraza eta orain arte elkartutako gazteak ere ez dira asko. Hori dela eta, bilera ireki bat antolatu dute urriaren 10rako. Bilera Sindikatu Zaharrean izango da 20:30ean.