Hamaika ikusteko

Patxi Azpillaga 2006ko urr. 3a, 18:10

Patxi Azpillagak Berria egunkariko Igandea gehigarrian iritzia eman du

Koldo Aldabek egindako galdera honi erantzun behar izan zion: Zer ekarpen dakar enpresa talde batek euskarazko telebistaren alde egin duen apustuak?

Hamaika Telebista Hedatzeko Taldearen aurkezpenak sentsazio ezberdinak sortarazi dizkit. Poza lehenengo, hain penagarria baita euskararen egoera tokiko telebistetan ezen euskaratik abiatuta jarduteko asmoa erakusten duen edozein eragileren agerpena albiste ona baita. Harridura gero, bitxia, oso bitxia egin baitzait hor gauzatu den enpresa arteko aliantza eta batzuen jokabide aldaketa. Eta azkenik, kezka bat ere bai enpresa ikuspegiaren nagusitzeak komunikazio lokalaren etorkizuneko garapenean izan dezakeen eraginaren inguruan.

Araurik gabe garatu dira telebista lokalak gurean, eta babes publiko ia batere gabe, salbuespen gutxi batzuekin (Arrasate-Goiena, Bera…). Basa eremu horretan bi galtzaile garbi egon dira orain arte: euskara eta gertuko komunikazioa, komunikazio parte-hartzailea. Telebista lokala komunikazio enpresa eta talde espainiar eta espainolzaleen eskuetan, gaztelera egin da nagusi eta hizkuntza bakar telebista gehienetan, eta kanpoan erositako programak edo katean emandakoak dira programazioen ardatz.

Horregatik, ez zitzaidan iruditzen Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den marko juridikoa nahikoa zenik egoera honi buelta eman eta euskarari leku emankorra ziurtatzeko. Lekua bai, balizko arau berriaren arabera lizentziadun kanal guztiek gutxienezko kopuru bat eman beharko baitute euskaraz, barruti bakoitzeko hiztunen portzentajearen adinakoa. Baina leku emankorra ez. Izan ere, berme txikiegia da hori Bilbo edo Gasteiz bezalako inguruetan, baita Donostia aldean ere, are gehiago telebista operadore berriei 10 urteko epea emango zaienean betebehar hartara egokitzeko. Ez dut duda izpirik ere euskararen kuotak derrigorrezkoak direla, baina zalantza dut obligazioak maila horretan jarrita eta barruti bakoitzeko gutxienez euskara hutsezko kanal bat ziurtatu gabe euskararen presentzia ez ote den testimonio hutsean geratuko. Hobeto esanda, ziur naiz leku gehienetan ez duela ezertarako ere balioko, itxurak gordetzeko ez bada; seguruenik ezta horretarako ere urte batzuk igaro eta gero, arauen betetzea modu zorrotzean ez zaintzera.

Ordea, nola ziurtatu euskara hutsezko kanal bat emisio barruti guztietan edo gehienetan. Nork hartuko du bere gain euskarazko telebista bat sortu eta kudeatzeko ardura?

Gure agintariek aspaldi kendu zuten erantzukizun hori euren bizkarretatik, espainiar Estatuko zenbait lekutan ez bezala. Katalunian, adibidez, baina baita Andaluzian ere, udalek kudeatu edota lagundutako eta Diputazioek eskainitako zerbitzu eta sareekin babestutako irrati eta telebistak dituzte, hizkuntzaren eta komunikazio modu ezberdin baten gordeleku izan direnak. Kezkatzekoa iruditu zait beti zer garrantzi txikia eman dioten gure instituzioek tokiko komunikazioari, zer gutxi garatu den udal mailako komunikazioa, behin eta berriro frogatu denean tokikoa dela, prentsak ondo erakutsi duen moduan, euskara eta gizartearen parte -hartzea ondoen babestu eta bidera ditzakeen eremua. Gero bat-batean gogoratuko dute udal inguruak garrantzitsuak direla gizarte prozesuak aurrera eramateko (bakearena, adibidez). Jai dute, ordea, lehendik udal mailako gizarte ehuna osatzeko bitartekoak jartzen edo laguntzen ez badira. Beranduegi al da halako prozesu zabal bati bide egiteko? Badago hor bide bat, Goiena edo Topagunearen esperientzia eta sarea…

Eta orain Hamaika sortu da, Euskal Herriko komunikazio enpresa euskaltzale handienen bilgune modura, euskarazko telebista lokalak garatzeko helburu estrategikoarekin. Bitxia da benetan Hamaika, hor bildu diren enpresek oso ikuspegi eta estrategia ezberdinak izan baitituzte orain arte euskararen eta komunikazioaren inguruan. Komunikazio enpresen jokabidean. Badirudi, definitiboki, Prisa-rekin apurtu eta gerturatu egin direla Euskal Herriko komunikazio eremuaren ideietara. Ez da gutxi. Euskararen inguruan adostasun berriak ere eraiki daitezkeela erakusten du. Garai berrietako adierazle ote da… Ezin, ordea, gehiagorik esan. Denborak eta egindakoak erakutsiko dituzte apustu horren ontasunak eta egokitasunak, indarrak eta ahuleziak. Ez ote da behintzat epe laburrerako komenientziazko ezkontza izango!

Hala eta guztiz, kezka bi adierazi nahi nituzke. Batetik, goitik behera sortutako egitura izaki, kapaza izango ote da Hamaika tokian tokiko berezitasunak integratzeko, errespetatzeko eta sustatzeko? Ahalbidetuko ote ditu behetik gorako prozesuak, bultzatuko ote ditu gizarte taldeen parte -hartzeak, gizarte taldeen arteko harremanak? Komunikazio parte hartzailea sustatuko du, ala bazkideen arteko tentsioak saihestearren edo errentagarritasun irizpideek aginduta goitik beherako prozesuak lehenetsiko ditu?

Bestetik, aginte publikoek ez ote dute eskuak garbitzeko tentaldia izango, pentsatuz euskarazko telebista lokalaren inguruko eginbehar guztiak eginak dituztela?

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide