Peñagarikanok lortu du lau t'erdiko txapelketarako txartela

Uztarria 2006ko urr. 3a, 23:10

Julen Retegiri 22-17 irabazi dio, Atarrabian

Urriaren 12an Abel Barriolaren kontra jokatuko du

Kepa Peñagarikano azpeitiar pilotariak lortu du gaur (asteartea) helburua Atarrabian, Julen Retegiri 'Retegi Bi'-ri irabazi egin diolako (22-17) eta buruz buruko lau t'erdiko txapelketa profesionalerako azken txartela eskuratu duelako. "Aurten lehiaketa hori jokatzeko kapritxoa dut" esana zeukan.

Gaurkoarekin, osatu da dagoeneko txapelketa jokatuko duten pilotarien koadroa. Hemeretzi jakinak dira, eta gaur arratsaldeko partida arte erabaki gabe zegoen Asegarceren hamargarren pilotaria zein izango zen. Peñagarikano izango da.

Orain, urriaren 12an, final-hamaseirenetan Abel Barriola izango du kontrario.

Oso ondo ekin dio partidari Peñagarikanok, lehen arazo batzuen ondoren 10-4 jarri delako irabazten. 18-7 ere bai. Retegi Bik erreakzionatu egin du eta 18-15 jarri da, 19-16 ere bai. "Dejadak egin ditu eta ez naiz gustura sentitu", esan du Peñagarikanok. Baina ez du burua makurtu eta 22-17 irabazi dio.

Partida 50 minutukoa izan da eta 308 pilotakada eman dituzte. Peñagarikanok zazpi tanto egin ditu sakez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide