Calvo Xiriaren aurka irabazteko asmoarekin

Urola Kostako Hitza 2006ko urr. 4a, 13:10

Iraurgi Saskibaloi Elkarteak ostegunean batzarra deitu du, 19:30ean, Enparanen

Astebururako Giovannoni jokatzeko prest izango ote den jakiteko zain daude Iraurgikoak

Hasi berria den denboraldiko hirugarren partida jokatuko du EBA Ligako Lan Mobel Iraurgi saskibaloi taldeak, larunbatean, 18:30ean, Kiroldegian. Lan Mobel ISBk Calvo Xiria talde galiziarra izango du garaitu beharreko aurkaria. "Aurreneko bi partidak galdu egin ditugu, baina hirugarren hau irabazi beharra daukagu", diote Iraurgikoek. Asteburuan Basket Coruñaren aurka 69-57 galdu zuten. "Rafael Giovannoniren falta antzeman genuen", diote saskibaloi taldekoek. Denboraldiko lehen partidan min hartu eta orkatilean zaintiratua egin zuen.

Astebururako Giovannoni jokatzeko prest izango ote den jakiteko zain daude Iraurgikoak: "Ea ostiralean entrenatzeko moduan den. Guk hala nahi dugu, baina hori medikuak esan behar du". Pibot italo-brasildarra jokatzeko moduan izatea nahiko lukete saskibaloi taldekoek, "talde polita daukagu, eta larunbateko partida irabazi egin behar dugu".

Ostegunean, berriz, Iraurgi Saskibaloi Elkarteak batzarra deitu du, 19:30ean, Enparan Dorretxean. "Deialdia saskibaloian jolastu nahi duten neska-mutilentzako da. 1998an edota lehenago jaiotako guztientzako. Batzarrean, Iraurgik dituen 16 saskibaloi taldeen inguruko informazioa emango dugu, eta teknifikazio eskolaz ere hitz egingo dugu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide