Aurtengo abuztuan 50 urte pasatu dira Azpeitiko parrokiko tiple talde bat Eskoziara joan zela kantatzera. On Julian Barrenetxea zuten orduan irakasle. 1956 urtea zen. Igandean, bidaia hura gogoan Tiple Izandakoen Eguna ospatuko dute, Eskoziako bidaia gogoratuz 1956-2006 lelopean.
Los niƱos de Loiola bezala aurkeztu zituzten Edinburgon eta Londresen eman zituzten kantaldietan. Arrakasta izan zuten. "Ikusi besterik ez dago egun haietako egunkarietan esaten zena", diote tiple izandakoek. Edinburgoko Lauriston Hall antzokian emandako kontzertuaz halaxe idatzi zuen Olga Stringfellow kazetariak: "Berrogeita bi aingeruen misterioa. Niretzat misterioa da, herri txiki batean nola sortu daitekeen hain aingeruzko berrogeita bi ahots...".
Orain 50 urteko bidaia hura, "handikiro eta apaltasunez" ospatzea erabaki dute garai hartan tiple ibilitakoek. Igandean dute jaia. "Ospakizunean Edinburgoko bidaian izandakoak elkartzea da gure asmoa, baina ateak zabalik daude Azpeitiko parrokian tiple izandako guztientzat. Nola edo hala denei baitagokie han izandako arrakasta hura, gure historia txikian geldituko dena, dudarik gabe", diote.
Hala bada, igandean orain 50 urteko ahotsak berriro ere entzungai izango dira. Haurrak ziren haiek helduak dira oraingo honetan.
Abuztu aldizkarian Uztarriak tipleen inguruko erreportaje bat kaleratu zuen.