Urrakiko Igoera, auto lasterketen artean "mitikoa"

Urola Kostako Hitza 2006ko urr. 5a, 18:10

Lagun Artea Eskuderiak antolatutako probaren XXIV. aldi honetarako 69 auto-gidarik eman dute izena

Igandean (hilak 8) 11:30ean izango da lehenengo igoera (Urola Kostako Hitza)

Igandean, urriaren 8an, XXIV. Urrakiko Igoera korrituko da, Azpeititik Goiatzera arteko errepidean. Proba ezaguna da autozaleen artean eta tradizio handia duena. Han parte hartzen duten gidari batzuen esanetan, "mitikoa" da.

.69 auto-gidarik dute lasterketan izena emanda; astelehenean bukatu zen izena emateko epea. Proba irabazteko faboritoen artean Gorka Apa-lantza (Speed car 1000) auto-gidari errezildarra dago. Apalantzak iaz bigarren egin zuen. Errezildarren artean, bestea, Ramon Apalantza (Mitsubishi EVO VI) izango da proban. Ohi bezala, azpeitiarren askok ere parte hartuko dute, besteak beste: Iñaki Alberdi (Ford Escort WRC), Joxe Labaka (BMW M3), Xabier Beloki (BMW M3) eta Aitor Lazkano (Ford Sierra Cosworth 4x4).

Igandean lasterketa antolatzen edota korrituko duten batzuek lasterketaz jardun dute. Hona haien iritziak:

Joxe Antonio Araneta: "Ikasteko ibilbide oso zaila da"

"Urrakiko Igoerak tradizio handia du, eta gaur egun hemen inguruan egiten den auto lasterketa zaharrenetakoa da. Lehen guk [Lagun Artea Eskuderiak] ez genuen antolatzen, beste batzuk egin zuten lan hori. Urrakiko igoerako ibilbidea oso zaila da ikasteko, goi parteko bihurgune batzuk oso antzekoak baititu. Horretaz gainera, zati batzuk oso azkarrak dauzka".

Aitor Lazkano: "Gazte-gaztetatik ezagutzen dut"

"Nik neuk gazte-gaztetatik ezagutu dudan auto lasterketa da Urrakikoa. Geurea dugu. Aurten bigarren aldiz parte hartuko dut Urrakin. Oso ibilbide polita da: beheko aldea batik bat teknikoa da, eta goikoa, berriz, azkarra eta polita. Ikusleentzat ere oso polita da, denetik dagoelako eta toki ederrak dituelako".

Iñaki Alberdi. "Urrakik, izena eta ospea hartuta dauka"

"Urte mordoxka da Urrakiko igoera auto lasterketan parte hartzen hasi nintzela, 1995an-edo hasiko nintzen. Hasieran boogie-arekin irteten nuen. Urrakiko ibilbidea polita, azkarra eta mitikoa da. Bihurgune batzuk zailak ditu eta beste batzuetan teknika behar da. Ez da ibilbide erraza. Ikusleentzako ere auto lasterketa mitikoa da, ospea eta izena hartuta dauka. Aurten ere, ondo pasatzera eta jendeari gustua ematera aterako naiz, hori da nire asmoa. Ez dakit, ordea, gauzak nola aterako diren, gripearekin egon naiz eta ohetik jaiki berria naiz. Autoa ere puntu-puntuan jarri beharra daukagu. Bihar [gaur] Erresuma Batutik lagun bat dator autoa puntuan jartzera; lehen lur gainerako geneukan prestatuta eta orain asfaltorako jarri behar dugu".

Gorka Apalantza: "Herrian parte hartzea ohore bat da"

"Bigarren aldiz irtengo dut Urrakiko Igoeran. Azkenaldian Euskal Herrian lasterketa gutxitan parte hartzen dut eta herrian parte hartzea eta faboritoa izatea ohore eta gustu handia da. Urrakiko igoera oso selektiboa da, bihurgunez josita dago. Bideak zulo asko ditu, eta azken emaitzan antzemango da hor zein ondo ibili den eta zein ez. Lagun batzuk korritzera datoz, eta ibilbidea nolakoa den galdetu didate, oso-oso zaila ez dela esan diet. Bihurgune batzuk entrenamenduetatik gogoan dituzu eta beste gune batzuk iristen ari zarela ikusten dira nolakoak diren. Denetarik dauka".

Ordutegia

Urriak 7, larunbata
16.00-19:30. Parte hartuko duten autoen azterketa teknikoak. Azpeitiko epaitegi aurreko aparkalekuan.

Urriak 8, igandea
09:00. Azpeititik urrakirako errepidea itxi egingo dute.
10:00. Entretenimenduak.
11:30. Lehen igoera.
13:00. Bigarren igoera.
14:30. Sari banaketa, Sagasti Zahar jatetxean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide