Lagun Onak-en helburua, "iazko bideari heltzea" da

Urola Kostako Hitza 2006ko urr. 17a, 17:10

Espainiako Hirugarren mailako futbol taldeak Gernikaren aurka 0-2 galdu zuen larunbatean, baina orokorrean "nahikoa ondo" dabil (Urola Kostako Hitza)

Sailkapenean erdian dago, 10. postuan. Baina ia denboraldi osoa aurretik badu ere, "iazko bideari" heltzeko asmoa dauka Lagun Onak-ek. Aurreko denboraldian maila igoera jokatzetik gertu ibili zen taldea, eta oraingo honetan bide berdina egiteko lan egiteko asmotan dira, hala dio Juan Ramon Olalde Kinttela futbol taldearen kirol arduradunak.

Azken partida larunbatean jokatu zuten, eta Gernikaren aurka, 0-2 galdu zuten. "Aurretik bagenekien partida zaila izango zela. Hasieratik partida kontrolatzeko ahalegina egin genuen, baina epaileak ez zizkigun gauzak erraztu: Tenari txartela atera zion, eta zalantza handiko penalti bati esker gola sartu ziguten".

Orain arte partida "nahikoa onak" egin dituztela dio Kinttelak. Joko kaxkarrena, aldiz, aurten mailaz igotako taldeen aurka egin dute: San Inazioren aurka berdindu, UPVren kontra galdu eta Santutxuren aurka berdindu. "Gutxiago direla uste da askotan, eta gero okerrena haiek jartzen dute".

Lagun Onak-eko mutilek aurtengo denboraldiko jokorik onena Portugaleteren aurka egin dute. 4-0 irabazi zioten. "Oso partida ona egin genuen, hor ikusi zen taldekideak ondo daudela eta joko ona egiteko gai direla". Lehenengo taldeko 18 jokalari dituzte, eta gainontzekoak, taldea osatzeko, erregionaletik-eta hartzen dituzte. "Irudipena daukat, iazko bidea egiteko gai izan gaitezkeela", da Kinttelaren iragarpena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide