Joseba Albizu talde bila ari da

Urola Kostako Hitza 2006ko urr. 19a, 17:10

Joseba Albizu.

"Hainbat konturengatik une honetan txirrindularitza ilun dago", dio Albizuk

"Inguruko" taldeekin eta Italiakoekin ari da hizketan Albizu (Urola Kostako Hitza)

"Momentuz ez daukat ezer eta taldeekin hizketan ari naiz", dio Joseba Albizu azpeitiar txirrindulariak. Azken hiru denboraldietan Euskaltel-Euskadi txirrindulari taldean ibili da. Baina, irailean taldeak ez ziola kontratua berrituko iragarri zion Albizuri. Orain, talde bila dabil.

Txirrindularitzako denboraldia joan den asteburuan bukatu zen, baina Albizurentzako abuztuaren amaieran bukatu zen. "Espainiako buelta ez nuela korritu behar jakin, eta niretzako denboraldia bukatu egin zen. Ordutik, lasai-lasai ibili naiz, lagunekin-eta bizikletan buelta batzuk emanaz. Orain, ea zerbaitek irteten duen...", dio Albizuk.

Albizu 24 urterekin igo zen profesionaletara, orain 28 urte ditu: "Beste hiru edo lau urtean txirrindularitzan jarraitzea gustatuko litzaidake".

Gauzak, ordea, ilunak ikusten ditu. "Ez dago erraza. Talde dezentek laguntzailerik ez dute, pare bat talde ere desagertu egin dira. Ondorioz, txirrindulari asko talderik gabe daude. Egoera nahiko iluna da, une honetan txirrindularitza hainbat konturengatik ilun dago". "Inguruko" taldeekin eta Italiakoekin ari da hizketan Albizu. Uste du, azaroaren bukaerarako gauzak "bere onera" etorrita izango direla.

Euskaltelen ibili den urteetan "nahiko ondo" ibili dela dio, "baina gehiago egingo nuenaren itxaropenarekin hasi nintzen". Azken bi urteetan "kontu bategatik edo besteagatik" ez duela berak nahi bezainbeste egin eta "arantza horrekin" gelditu dela dio.

Ibilbidea
Infantiletan. 12 urterekin hasi zen bizikletan, Lagun Onak Txirrindulari Elkartean ibili zen jubeniletako bigarren urtea arte.
Afizionatuetan. 18 urterekin, Beasaingo Iberdrolan hasi zen. 2002. Afizionatuetan, Cafes Baquen.
2003. Profesionaletarako jauzia, Mercatone UnoScanavino italiar taldearekin.
2004ko urtarrila. Euskaltel-Euskadi taldearekin fitxatu zuen.
2006ko iraila. Albizuri ez ziola kontratua berrituko esan zuen Euskaltel-Euskadik.

Garaipen-zerrenda
Kadeteetan. Hiru proba irabazi zituen.
Jubeniletan. 12 proba irabzi zituen, Lagun Onak Txirrindulari Elkartearekin.
2001. Afiionatuetan, Goierriko itzulia irabazi zuen.
2002ko ekaina. Girinoan bigarren egin zuen eta atzerriko txirrindularirik onenaren saria jaso zuen.
2002ko irala. Tenerifeko itzulia irabazi zuen.
2003ko uda. GP Nobili Rubinetterie/Borgomanero bigarren bukatu zuen.
2005. Euskal Bizikletako mendiko elastikoa lortu zuen.

Bestelakoak
2003. Albizuren jarraitzaileek Erreka taldea osatu zuten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide