'Malanjeko taupaden atzetik' liburua sarean da

Uztarria 2006ko urr. 20a, 18:10

Iñigo Ibargurenek idatzitako Malanjeko taupaden atzetik liburua irakurgai dago webgune honetan

Uztarria.com-en irakurgai dagoen 12. liburua da

Hemendik aurrera beste liburu bat irakurtzeko aukera izango da webgune honetan. Izan ere, Iñigo Ibargurenek idatzitako Malanjeko taupaden atzetik liburua sarean da dagoeneko. Liburu hori, Azpeitia atalean, 'Ziberteka'-ren barruan Liburuak atalean dago. Atari honetan irakurgai dagoen 12. liburua da.

Uztarriaren urriko aldizkarian "Iñigo Ibargurenen elkarrizketa argitaratu zen":http://www.uztarria.com/herri_aldizkaria/2006/77/02. Bertan gazte azpeitiarrak liburu bat idatzi duela eta argitaratzen saiatu dela kontatzen zuen, baina bere asmoan zorte onik izan gabe. "Hiru euskal argitaletxetara idatzi nuen ea liburua bidaltzerik banuen, eta hirurek esan zidaten lasai bidaltzeko, irakurriko zutela eta denborarekin erantzungo zidatela. Bidali nien hirurei eta batek erantzun zidan; irakurri zutela eta gehiegi ez zitzaiela gustatu, ondo dagoela saiatzea baina... Ezezkoa bezalakoa zen, nahiz eta haiek oso garbi ez esan" kontatzen zuen Ibargurenek. Elkarrizketa hartan liburua Interneten argitaratzeko aukera aipatu zuen; hori dela-eta Uztarriak aukera hori eman dio.

Malanjeko taupaden atzetik liburua Angolako herri txiki batean kokatutako istorio txikia da. "Afrikako kontuak betidanik gustatu zaizkit: afrikarren bizia, hango txirotasuna, injustiziak...", dio egileak. 43 kapitulutan Afrikako familia baten bizia azaltzen saiatu da.

Ibarguren bera, uztarria.com-en blogari hasi da hil honetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide