Auzarazako etxebizitzen inguruko erregularitateak

Joan Amenabar, Jabier Iturralde eta Jesus Larrañaga 2006ko urr. 27a, 17:10

Auzarazako etxebizitzen arazoaren inguruan, aspaldian berririk izan gabe egon ondoren, garrantzi handiko berriak izan dira, inguru honetan Udalak egindakoaren ilegalitatea konfirmatu egin dutenak.

Lehen ere, bere garaian, adierazi izan genuen bezala, Bilboko Epaitegi Goreneko Kontentzioso Administratiboak bi sententzia eman zituen Auzarazako etxebizitza eta urbanizazioaren inguruan. Lehendabizikoan, 2003ko maiatzaren 30ean emandakoan, ilegal deklaratu zituen bertan eraikitako etxebizitzak. Bigarrengoan, 1993ko urtarrilaren 30ekoan, Azpeitiko Udalak, lehendabiziko sententzia hori exekuta ezin bihurtzeko asmo ilegalarekin, aurreko legalitate urbanistikoa, ilegalki eraikita zegoenaren erara tranpaz aldatuz, urgentziaz tramitatu zuen Planeamendu Orokorraren aldaketa indargabetu zuen.

Bi sententzia hauek errekurritu egin zituzten Madrilgo Epaitegi Gorenean, bai Azpeitiko Udalak eta baita Leku Eder SA promotorak ere. Biei buruzko Madrilgo Epaitegi Gorenaren sententzia izan da orain dela gutxi, oraindik bietako baten emaitza bakarrik ezagutzen badugu ere.

Hain zuzen, Auzarazako etxebizitzak ilegal deklaratzen zituen sententziari buruzko epaileen boto ematea joan den uztailaren 12an izan zen Madrileko Epaitegi Gorenean, erabakiaren berri oraindik eman ez badu ere. Gure ustez, Bilboko sententzia konfirmatuko du eta, ondorioz, eraikita dagoena ilegal konfirmatuko du.

Bilboko bigarren sententzia, gaizki eraikita zegoena legalizatzeko asmoz Udalak egindako Arau Ordezkatzaileen aldaketa indargabetu zuena, Madrileko Epaitegi Gorenak konfirmatu egin du, 2006ko uztailaren 26an emandako eta irailaren 1ean kaleratutako sententzian. Era honetara, ilegalki egindakoa legalizatzeko Udalaren ahalegina indargabetu du, sententzia firme bihurtuz. Eta, ondorioz, Udalari gaizki atera zaio legea hautsiz eraikitako etxebizitzak legalizatzeko asmoz, legalitate urbanistikoa gaizki eraikita zegoenera egokituz, egindako Arau Ordezkatzaileen aldaketa trikimailua.

Auzarazako zenbait etxejaberengandik iritsi zaigunaren arabera, Leku-Eder SA promotorak, Luciano Soraluce Muno jaunaren jabetzakoak, etxeen eskrituretan ez omen zuen auzipetuta zeudenik konstatatu. Hau ilegalitate garbia da promotoraren aldetik eta, sententziak irteten ari diren bezala, larria gerta daiteke etxejabeentzat, Madrilgo Gorenak eraikitakoaren ilegalitatea konfirmatzen badu, gaur egungo etxejabeak etxebizitza ilegal batzuen jabe izango bailirateke eta ez lukete lotuta izango sententzien exekuziotik eratorri daitezkeen erantzukizunei aurre egiteko promotoraren konpromisoa.

Hau dela eta, etxebizitza horien jabeei gogorarazi nahi diegu, 2001-02-08ko El Diario Vasco-n eta 2001eko martxoko Uztarria-n adierazi geniena berriro gogoratuz, arazo honen aurrean beren etxebizitzak babesteko, ahalik eta ongien informa daitezela, egoera azter dezatela eta dagozkien neurriak har ditzatela. Neurri hauek erreklamazio zibiletik hasi eta kereila kriminalerainokoak izan daitezke, baldin eta hainbesteko garrantzia izan dezakeen datu bat ezkutatzea iruzur edo estafa delitua izan daitekeela uler badaiteke.

Dena dela ere, falta den Madrilgo Epaitegi Gorenaren azken sententzia honen zain, eta laster izango delakoan gaude, sententziaren exekuzioa eskatuko da, azken urte hauetan guztietan ez Azpeitiko Udalak eta ez promotorak ez dutela arazo hau interes orokorraren bidetik konpondu nahi izan, alderantziz, baizik, ilegalitatea babestearen eta justiziaren ekintzei burla egitearen aldeko apustua egin dutela uste baitugu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide