Kamera hartu eta mendira

Urola Kostako Hitza 2006ko aza. 2a, 16:11

Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Azpeitiko Argazki Elkarteak Argazki Rallya antolatu dute, Azkoitiko Otarren hasi eta Atxuritik zehar (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Argazki Elkarteak elkarrekin antolatu dute Mendiko XI. Argazki Rallya eta Udazkeneko XVII. Argazki Rallya. Igande, azaroaren 5ean, izango da.

Aurtengo ibilbidea Azkoitiko lurretan egingo dute: Madarixako Otarre jatetxean hasi eta Larraskanda, Otarregaina eta Atxuritik zehar, atzera ere Otarre jatetxean amaituko da. Aurreko urteetan bezalaxe egunean bertan eman behar da izena, 09:00etatik 10:00etara bitartean. Otarre jatetxean bertan jarriko dute izena emateko mahaia. "Argazki Elkartearen egoitza Perez Arregi plazan dago eta han obretan ari dira, eta horregatik aurten izena emateko tokia Otarren jarriko dugu", dio Joxerra LarraƱaga Azpeitiko Argazki Elkarteko lehendakariak. Helduek 10 euro ordaindu behar dituzte; ordain horretan 36ko diapositiba karretea eta hamaiketakoa sartuta daude. 16 urtetik beherakoek hiru euro ordaindu behar dituzte.

Kamera digitalaren aukera

.16 urtetik beherakoek, gainera, kamera digitala erabiltzeko aukera izango dute. "Argazki dendetan diapositiba karreteen salmenta kopurua jaitsi egin da eta ezin izan ditugu nahi adina eskuratu. Beraz, irtenbide bezala 16 urtetik beherakoei kamera digitalak erabiltzeko aukera ematea pentsatu dugu. Horrela, argazki lehiaketan gazte gehiagok parte-hartzeko aukera ere ikusten dugu. Eta antolatzaileontzat esperientzia berria izango da", dio LarraƱagak.

Argazki Rallyan landu beharreko gaiak izena ematerako orduan jakinaraziko ditu Argazki Elkarteak.

Parte-hartzaileek argazki lanak hilaren 23a baino lehen Argazki Elkartearen egoitzara eraman beharko dituzte. Helduen artean bost sari banatuko dituzte, eta gazteen artean hiru.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide