Gripeari aurrea hartuz

Urola Kostako Hitza 2006ko aza. 3a, 16:11

65 urtetik gorakoei gripearen kontrako txertoa hartzea gomendatzen zaie.

Azaroaren 30a arte zabalik da gripearen txertoa hartzeko kanpaina, herritar ugarik hartuko dute (Urola Kostako Hitza)

Gripearen aurkako kanpainari ekin zion joan den hilean Osakidetzak. Dagoeneko askok eta askok hartu dute gripeari aurre egiteko txertoa. Oraindik hartu ez dutenak ere garaiz dabiltza, kanpaina martxan izango baita azaroaren 30a arte.

Kanpaina 65 urtetik gorakoei eta arrisku taldeetan daudenei (gaixotasun kronikoak dituztenak eta diabetikoak) zuzenduta dago. "Arrisku talde horretan al dagoen edo ez jakiteko, norberak bere medikuari galdetu beharko dio. 65 urte ez dituenak edota arrisku taldean ez dagoenak, baina txertoa hartu nahi duenak medikuari errezeta zuria eskatu eta bere kabuz erosi beharko du txertoa, botikan. Gero, txertoa anbulatorioan emango diote", horrela adierazi dute Azpeitiko anbulatoriotik.

Txertoa hartzeko herriko anbulatoriora deitu eta txanda hartu beharra dago. Egunero goizean edota arratsaldean egiten dituzte osasun zentroetan txertatze txandak. Horretarako, nahikoa izaten da osasun txartela anbulatorioetara eramatea.

Osakidetzako arduradunek zehaztu dutenez, gaixotasuna hartzeko arriskua %70 eta %90 artean murrizten da txertoa hartuta. Adituek diotenez, ez du ematen aurtengo gripeak gogor joko duenik, eragin txikia izaten ari da aurten. Horren arabera, aurten ez luke arazo handiegirik sortu behar, iaz gertatu zen bezala. Aurten inoiz baino atzeratuago etorri da txertaketa kanpaina.

Kanpaina jendetsua

Azpeitiko anbulatorioan egunero 100 txerto inguru jartzen dituzte. Kanpaina hasi eta lehenengo egunak izaten dira jendetzarik handiena erakartzen dutenak.

Eskualdean 65 urtetik gorakoen %67,34ak hartu zuen txertoa iaz. Arrisku taldeetan daudenak eta borondatez hartu zutenak gehituta, txertoari esker milaka herritarrek aurrea hartu zioten gripeari.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide