Ibai-Eder urtegiko ur maila inoiz baino baxuago dago

Urola Kostako Hitza 2006ko aza. 5a, 15:11

Urtegiko ur maila asko jaitsi da.

Ur Kontsortzioaren arabera, "hilabeteetarako ura" dago oraindik ere (Urola Kostako Hitza)

Urtegia %35,23an dago beteta eta uraren kota 204,23koa du

Nuarbeko Ibai-Eder urtegia inoiz baino ur gutxiagorekin dago gaur egun; martxan jarri zutenetik inoiz ez da hain ur maila baxuan egon. Urtegia kudeatzen duen Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren datuen arabera, %35,23an dago beteta eta uraren kota 204,23koa du.

Udazkenean beti ere jaitsi egiten da urtegian bildutako ur kopurua. Baina aurten iaz baino baxuago dago ur maila. Gipuzkoako Ur Kontsortzioko Mikel Zubizarretaren esanetan, "Iaz, gutxi gorabehera bi metro goitik genuen urtegia, hau da, 206,50 kotan".

Nahiz eta urtegian ur maila baxu egon, oraindik ere hilabeteetarako ura dagoela diote urtegiko arduradunek. Nuarbeko urtegiak Azkoitia, Azpeitia, Zestoa, Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orio herriak hornitzen ditu. Hau da, 65.308 biztanle. "Ibai-Eder urtegiak hornidura ahalmen handia du. Gaur egun, 4.000.000.000 litro ur ditugu presan. Gure aurreikuspenen eta ditugun alarma prozedimenduen arabera, hilabete askotarako ura daukagu oraindik ere", dio Zubizarretak. Beraz, larritzeko arrazoirik ez dago oraindik ere.

Urtegian zenbat eta ur gutxiago egon orduan eta kalitate baxuagoa izaten du urak, baina horren aurrean neurriak hartzen dituzte Ibai-Ederren: "Uraren kalitatea oraindik ona da. Egunen batean kalitatea jaitsiko balitz arazketa prozesua aldatu egin beharko genuke. Uraren propietateak fisikoak, kimikoak eta biologikoak izaten dira. Hiru talde horietako bakoitzean neurri batzuk bete behar izaten ditugu, eta hori gauzatzeko prozesu fisikokimikoa dugu, erreaktiboak eta ozonizadoreak bere neurrian jarriz eta denborak definituz", azaldu du Zubizarretak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide