Azokan jaiotako arkumea

Urola Kostako Hitza 2006ko aza. 8a, 16:11

Ardia erditzen hasi bezain azkar jabeek erditzen lagundu zioten.

Igandean (hilak 5), Lasaon, baserrietako produktuen eta abereen azoka izan zen; erakusgai zegoen ardi batek arkumea izan zuen azoka erdian (Urola Kostako Hitza)

Egunero jaiotzen dira arkumeak eskualdean eta hori ez da albistea, izatez. Baina pasatu den igandean Lasao auzoan jaiotakoak badu berezitasunik.

Datorren asteburuan hasiko dira San Martin jaiak, baina urtero egiten duten bezala, pasatu den igandean Lasaoko baserrietako produktuen eta abereen azoka izan zen.

Erakusgai zeuden abereen artean, ardi talde bat zegoen. Eta halako batean, azokan elkartu ziren guztien ustekaberako, ardietako bat erditzen hasi zen, azokaren erdi-erdian.

Berehala hurbildu zen aberearen jabea, eta beste herritar baten laguntzarekin, ardiari erditzen lagundu zioten. Une horretan auzoan zebiltzen haurrak ere ardia erditzen ari zen lekura joan ziren; guztiek gertutik eta aho zabalik jarraitu zuten jaiotza.

Laster ikusi ahal izan zuten arkumea belarretan. Harrituta begiratzen zioten lehenengo aldiz ardi bat erditzen ikusten zuten haurrek, eta baita ez hain haurrek ere. Arkumea belarretan utzi zuten ardiaren aldamenean eta kameretako argiek harrapatu zuten arkume jaioberria.

Orain, datorren ostiralean jarraituko dute jaiek. Horrela, asteburu guztian zehar izango da jai giroa Lasaon.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide