Alex Arzelus: "Taldean ni baino saskiratzaile hobeak badaude"

Urola Kostako Hitza 2006ko aza. 10a, 08:11

Alex Arzelus.

Alex Arzelus aurten fitxatu du EBA Ligako Lan Mobel Iraurgi taldeak eta ondo jokatzen ari da (Urola Kostako Hitza)

Alex Arzelusek (Gasteiz, 1985) aurten fitxatu du EBA Ligako Lan Mobel Iraurgi saskibaloi taldearekin, eta "gustura" dabil. Puntu asko lortu ditu orain arteko partidetan, azkenengoan 23. Orain Donostian bizi da, han ari baita enpresa ikasketak egiten; "gelan azpeitiar batzuk ere baditut", dio. Igandean Lan Mobel Iraurgik Pielagosen aurka jokatuko du Kantabrian (Espainia).

Iraurgirekin maila ona erakutsi duzu jokoan; gustura?

Nahiko gustura nago. Talde osoa nahiko erritmo onarekin ari da jolasten. Erritmoa daukagun artean emaitzak onak izango dira.

Orain arteko partidetan puntu dezente lortu dituzu.

Hori bigarren maila batean dago. Taldean, ni baino saskiratzaile hobeak direnak badaude, baina orain arte niri tokatu zait sartzea. Dena dela, denboraldiak aurrera egin ahala beste batzuk hartuko dute protagonismo hori, eta ni beste gauza batzuetarako erabiliko naute; defentsan, errebotean edota beste zerbaitetan.

Taldean zu baino saskiratzaile hobeak daudela diozu, zeinegatik ari zara?

Gaitasun handiko jokalariak daude taldean, adibidez Joseba Ibargutxi, Asier Urbieta eta EƱaut Aranbarri. Denboraldiak aurrera egin ahala hoiek hartuko dute ardura eta nik beste joko bat egin beharko dut.

Zuk zeuk beste era bateko jokoa egitea nahiago al duzu, ala?

Ez, ez. Niri saskiratzea gustatzen zait. Baina nik badakit talde honetan ez dela nire zeregina hainbeste puntu sartzea.

Azken partidak irabazi egin dituzue eta sailkapenean aurrera egin duzue. Orain hirugarren postuan zaudete. Aurrera begira zein da zuen taldearen helburua?

.14 talde gara, eta horietatik zortzik edo hamarrek antzeko maila daukagu. Azkenean, partida batzuk justu-justu irabaziko ditugu eta beste batzuk, berriz, justu-justu galduko. Ez daukagu aurreneko hiruen artean gelditzeko helburua, guk partidaz partida joan nahi dugu, eta ahalik eta gehien irabazi nahi ditugu. Horrela, sailkapenean ahalik eta gorenen geldituz.

Denbora gutxi daramazu Lan Mobel Iraurgi taldean. Zer moduz taldean?

Oso gustura. Taldekide ia gehienak ezagutzen nituen, batzuekin lehen Atletikon jokatu nuen eta oso ondo eramaten gara gure artean. Zaletuekin ere oso gustura gaude. Hemen, herrian, jokatzen dugunean oso giro ona egoten da; asko laguntzen dute zaletuek.

Nolatan animatu zara Lan Mobel Iraurgirekin fitxatzera?

Joan den denboraldian Atletikorekin mailaz jaitsi egin ginen, eta Iraurgi Saskibaloi Elkartetik deitu zidaten. Baiezkoa eman nuen EBA Ligan jokaten jarraitzeagatik, talde honetan lagunak nituelako eta talde honetaz oso ondo hitz egin zidatelako. Arrazoi horiegatik hona etortzeko erabakia hartu nuen.

Eta aurrera begira, saskibaloian zein helburu dituzu?

Ez dut sekula helbururik finkatu, orain enpresa ikasketak bukatu nahi ditut, eta gero eskaintzaren bat heltzen bazait pentsatu egin beharko dut. Nik orain hemen jokatzen jarraitu nahi dut eta gero ikusiko dugu.

Kiroldegiaz gainera herria ezagutzeko aukerarik izan al duzu?

Denboraldi hasierako afarian ez nintzen egon, kanpoan nengoelako. Baina saninazioetan etorri nintzen eta giro ona zegoen Azpeitian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide