San Markoseko zaborra Lapatxera ekarriko dute

Urola Kostako Hitza 2006ko aza. 10a, 08:11

Zarauzko eta Beasaingo zabortegiek ere hartu beharko ditu San Markoseko zaborra, itxi egin behar baitute (Urola Kostako Hitza)

Urtarrilaren 1ean Donostiako San Markos zabortegia itxi egingo dute, eta orduan hara eman beharreko zaborra Gipuzkoako beste hiru zabortegik hartu beharko dute: Zarauzko Urtetak, Azpeitiko Lapatxek eta Beasaingo Sasietak. Hala adierazi zuen atzo, osteguna, Luis Maria Oiarbide Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko diputatuak.

Hiru zabortegi hauek San Markoseko zaborra hartzeko egokitu egin beharko dute, baina Garapen Iraunkorreko diputatuaren esanetan, "hiru zabortegiek egokitu bitartean ere San Markoseko zaborra jasotzeko moduan izango dira".

Orain arte hiru zabortegiek Gipuzkoako zaborraren %45a kudeatzen dute, baina San Markoseko zabortegia itxi eta hango zaborra jasotzen hasten direnean, Gipuzkoako %100a kudeatuko dute. Beraz, hainbeste zabor jasotzeko egokitu egin beharko dira.

Diputatuaren esanetan, "hiru zabortegien arduradun diren udalak solidarioak izateko prest daude, baina honi betirako irtenbidea eman behar zaiola uste dute".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide