Aurten ere babarrun onenetakoak

Urola Kostako Hitza 2006ko aza. 15a, 11:11

Karlos Iriarte eta Antton Iturralde saria jasotzen.

Tolosako XX. Lehiaketa Gastronomikoan babarrunak prestatzen laugarren saria irabazi dute Karlos Iriartek eta Antton Iturraldek (Urola Kostako Hitza)

Tolosako Babarrun Astearen barruan, igandean babarrunak prestatzeko lehiaketa jokatu zen Tolosako Ferialekuan, Gure Kaiola elkarteak antolatuta: XX. Tolosako Lehiaketa Gastronomikoa. 22 bikotek parte hartu zuten eta aurten ere Azpeititik hara joandako bikote bat izan zen: Zelai Luze Kultur Elkarteko Karlos Iriarte eta Antton Iturralde. Aurten ez zuten espero parte hartzerik, lekurik gabe gelditu zirelako, baina lehiaketarako egun batzuk falta zirela bikote batek huts egin eta antolatzaileek parte hartzeko deitu zieten. Laugarren saria jaso zuten azpeitiarrek.

Babarrun lehiaketako parte-hartzaileek orduetan eduki zituzten babarrunak sutan, bor-borka. Irabazleek, esaterako, bost ordu behar izan zituzten babarrunak prestatzeko. Tolosako Berazubi Elkarteko Josu Carabelos eta Francisco Javier Basañez izan ziren babarrun goxoenak prestatu zituztenak. Epaimahaia Pedro Subijana, Hilario Arbelaitz eta Ramon Roteta sukaldariek eta Juanjo Mendioroz, Inaxio Muguruza, Iñigo Lavado eta Alberto Elorzak osatu zuten.

Iriartek eta Iturraldek aurten bosgarren aldiz parte hartu dute Tolosako babarrun lehiaketan, eta 22 bikotetatik laugarren babarrun goxoenak prestatu dituzte aurten. Ez da lortu duten aurreneko saria, guztira hiru sari eskuratu baitituzte: bi aldiz hirugarren saria eta aurten, berriz, laugarren saria.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide