Aimar Irigoien marka guztiak apurtuz

Urola Kostako Hitza 2006ko aza. 20a, 16:11

Aimar Irigoien 100 kiloko harria jasotzen, ostiralean, Donezteben.

Aimar Irigoien harri-jasotzaileak 12 urteotako markarik onena egin du Donezteben jokatu den Euskadiko Kintopekoen Txapelketan

Errezildarrak laugarren aldiz parte hartu du txapelketan (Urola Kostako Hitza)

Nafarroako Doneztebe herria izan da Aimar Irigoien harri-jasotzaile gaztearen azken balentriaren lekuko. Bertan jokatu zen ostiraleran (hilak 17) Euskadiko Kintopekoen Txapelketa eta errezildarra izan zen onena, iaz egin zuen bezalaxe, 5.700 kilo bizkarreratuta.

Irigoienek 12 urteotako markarik onena ezarri zuen ostiralean, Donezteben. 100 kiloan ere iazko marka ondu zuen eta 58 jasoaldi eginda lortu zuen hirugarren txapela jartzea. Xabier Agirre (4.600 kilo), Iraitz Telleria (3.900 kilo) eta Gaizka Uriarte (2.500 kilo) sailkatu ziren jarraian. Gipuzkoarren eta bizkaitarren arteko lehia bizia izan zen. "Gustura ibili naiz, ondo. Beste lehiaketekin alderatuz beste erritmo bat izaten da Kintopekoan eta ondo ibili naiz", esan du Irigoienek.

Ohiko moduan, bi harri erabili zituzten: 100 kiloko zilindro zaharra eta 100 kiloko kuboa. Bakoitzarekin hiruna minutuko txandak egin zituzten eta Irigoienek 34 eta 24 jasoaldi egin zituen, hurrenez hurren.

.20 urte edo gutxiago izan eta amaitzear den urtean 21 urte beteko ez dituzten gazteek parte hartzen dute Euskadiko Kintopekoen Txapelketan. Aimar Irigoienek laugarren aldiz jokatu du txapelketa, eta hauxe zen berarentzat azken aukera.

Denboraldiko azken harri-jasotze txapelketa jokatuta, Irigoienek beste bizpahiru konpromiso baditu urtea bukatu eta oporrak hartu aurretik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide