Gaur Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta hainbat ospakizun eta aldarrikapen egingo dira Euskal Herrian. Asteburuan zehar ere eskualdeko ikastetxeek hainbat ospakizun egin dituzte eta beraien horma eta atariak apaindu dituzte hainbat aldarrikapenekin. Neuk ere, Euskal Herrian Euskarazeko kidea naizen heinean, banuen idatzi xume bat prestatua hainbat aldarrikapen lau haizetara zabaltzeko asmoz. Azken uneko gertaera batzuk medio, nire hitzak moldatu eta aldarrikapen izaera emateaz gain, hainbat salaketa egin beharrean aurkitu naiz.
Herritar gehienok jakingo duzuen bezala, datorren astean hasiko dira Osakidetzako oposizioak. Abenduaren 6an, asteazkenean, izango da milaka lagunentzako lehen hitzordua, non 4.000 lanpostu baino gehiago betetzeko 12.000 lagunek azterketak egingo dituzten, BECen. Osakidetzako euskararen normalizazio plana martxan dagoela diote batzuek, langileak euskalduntzen ari direla...eta bitartean 4.000 lanpostu hauetatik %20 bakarrik eskainiko da esukaraz, 5etik 1, alegia. Hori ikusita, EHEko kideon ustez, iruzur berri baten aurrean gaude, non azken urteotan herriko osasun etxetik hasita euskalduntze plana martxan dagoela sinestarazi nahi izan diguten. Hau salatzeko asmoz, abenduaren 6an goizeko 8:30ean, BECen bilduko gara elkarretaratze baten bitartez gure desadostasuna agertzeko eta beraien iruzurra salatzeko. Horrez gain, abenduaren 13an, arratsaldeko 19:30ean, eskualdeko elkarretaratzea egingo da Azpeitiko anbulatorio aurrean. Azken deialdi hori dela eta, EHEko kideok hasiak gara herriko txokoetan kontzentraziorako deialdia egiteko asmoz hainbat kartel jartzen, nahiz eta batzuei asko ez gustatu. Deialdi hori egiterakoan EHEko bi kidek izan duten gertakari bat da nire gaurko hitzen moldea aldatzeko arrazoi. Ostegunean bertan, Etxe-Zuri aurrean hasi eta erdi kalean gora 13rako deialdia eginez hainbat kartel jarri zituzten taldeko bi kidek. Udaletxe aurretik pasa eta Egaña inguruan beste kartel bat jartzen hari ziren bitartean, bi ertzain gerturatu zitzaizkien. Lehenik kartela irakurri ("Osakidetzan oposaketak, 5etik 1 euskalduna, abenduaren 13an19:30ean kontzentrazioa Azpeitiko anbulatorio aurrean" dio kartelak, EHEk izenpetua) eta ondoren beraiengana zuzendu ziren identifikatzeko eskatuz. Hauek harrituta, zer dela eta identifikatu behar zuten galdetu zieten ertzainei, eta erantzun kontzentrazioa burutzeko baimenik ez zutela. EHEko kideek, hamabost egun falta zirela eta baimena eskatzeko nahikoa denbora zegoela adierazi zieten arren, ertzainek berean jarraitu zuten eta azkenean bietako bat identifikatu zuten. Aipatzekoa eta eskertzekoa da, momentu hartan kalean zihoazen hainbat herritarrek adierazitako babesa, euskararen alde lanean ari zirela eta bakean uzteko eskatu zietenak, hain zuzen ere.
Berriro ere, argi geratu da iruzurra sartu nahi digutenen egonezina, salaketen aurrean almorranak izango balituzte bezala baitabiltza, beraien aurpegia zuritzeko zer egin ez dakitela, poltronatan ere lasai eseri ezinik. Herri mugimenduaren aldarrikapenen aurrean duten jarrera salagarria da benetean. Orain bi hilabete, EAJko zinegotzi batek, Euskara Batzordeburua den Ana Mendizabalek, EHEk egindako salaketei erantzuna emateko erabili zituen hitzak tamalgarriak dira: "Jarrera suntsitzailea dute", "ez dute ezer gehiagotarako balio", besteak beste. Oraingoan berriz, beraien morroiak izan ditugu bisitari gu bildurtzeko asmoz. Baina ez, alferrik dabiltza, ertzainen probokazioek ez gaituzte kokilduko!
Aspaldidanik ikusi izan dugun bezala, boterean dauden horiek ez dute inongo elkarlanik nahi, nahiz eta beraien hamar hitzetatik bederatzi "elkarlana" izan. Beraiek diseinatzen dituzte euskara planak, beraiek onartu, beraiek kudeatu, beraiek baloratu... eta elkarlanean ari direla esan! Argi dago, euskarari onura egingo dien erabakiak ezin direla alderdi politiko baten esku egon soilik, eta ez gaude euskara botoak lortzeko soilik erabiltzen duten alderdien aurrean isilik egoteko prest, ez horixe!
Azkenaldian, EAJ alderdiak hainbat egitasmo aurkeztu dizkigu, bai herrian eta baita Euskal Autonomi Erkidegoan ere. «Elebide» egitasmoa dugu adibide horietako bat, hizkuntza eskubideen urraketak salatzeko zerbitzua. Hori ere, gainontzekoak bezala aurpegia zuritzeko asmoz, nola ez. Zerbitzu hori, herri mugimendutik sortutako "Behatokiak" eskaini digu azken urteotan, eta EAJk ez dio inolako laguntzarik, ez zilegitasunik eman eta hauteskundeen atarian klon bat egiten saiatu da. Hilabete batean 49 salaketa jaso dituela eta, eskaintzen duen zerbitzua arrakastaz hasi dela sinestarazi nahi digute, urraketa gehiago egongo ez balira bezala. Baina, Osakidetzako oposaketetan %20 lanpostu bakarrik eskaini euskaraz eta ondoren horrelako zerbitzu bat martxan jartzea ez al da kontraesana? Ez al da logikoena, arazoari bere sustraietatik heltzea? Baina zuek, zuen interesak medio, segi lanean porrot egin dizuen Hizkuntza Politikarekin eta aurpegia zuritzeko egitasmoak martxan jartzen. Argi izan ez gaudela itsu eta gainean izango gaituzuela.
Ospakizunetaz gain, aldarrikapen eta salaketak beharrezkoak direlako, abenduaren 13an anbulatorio aurrean ikusiko garelakoan, hizkuntza bat, lurralde bat, legedi bat, OFIZIALTASUNA!