Antxon Iturrizaren emanaldiarekin hasiko da gaur Mendi Astea

Urola Kostako Hitza 2006ko abe. 12a, 15:12

Lagun Onak Mendi Bazkunak hiru emanaldi antolatu ditu

Larunbatean (hilak 16), urteko batzar nagusia egingo dute elkarteko bazkideekin (Urola Kostako Hitza)

Urtero bezalaxe, aurten ere, Santo Tomas egunaren aurretik antolatu dute Mendi Astea, Lagun Onak Mendi Bazkunakoek. Gaurtik eta ostirala bitartean hiru emanaldi izango dira: bi Enparan Dorretxean eta azkena Sindikatu Zaharrean. "Mendi Asteko emanaldiak antolatzeko, aurrena gertuko edota ezagunengana jotzen dugu, eta emanaldiak osatzen ez baditugu Kutxako zirkuituan daudenetan begiratzen dugu", dio Maje LarraƱaga Lagun Onak Mendi Bazkunako presidenteak. Aurten, Antxon Iturrizaren, Benantxio Iruretaren eta Patxi Lasarteren emanaldiak izango dira.

Baina, Mendi Asteko emanaldiez gainera, Lagun Onak Mendi Bazkunakoek hainbat lan dute eskuartean. Larunbatean, urteko batzar nagusia egingo dute elkarteko bazkideekin. Batzarraren ondoren, afaria ere antolatu dute Mendizaleen tabernan. "Afaria 30 euro kostako da, eta bihar arte izena emateko aukera izango da. Afarirako izena emateko zerrenda tabernan dago jarrita", dio LarraƱagak.

Xoxoteko aterpeko zaintzailea ere aldatu egingo da urtearen bukaeran; izan ere, Eusebio Belokik utzi egingo du. Aterpeko zaintzaile izateko eskaera bidaltzeko azken eguna ostirala izango da. Ondorioz, Lagun Onak-ekoek gero erabakiko dute zaintzailea berria zein izango den.

Beraien lokalean obrak egiten ari direlako, Lagun Onak-eko batzordea oraindik ere Aitonenan (hirugarren solairuan) biltzen da, astelehenetan, 21:30ean.

Egitaraua

Abenduak 12, gaur
20:30ean. Enparan Dorretxean. Antxon Iturrizaren eskutik, Euskal mendizalerasunaren aitzindariak emanaldia.

Abenduak 14, osteguna
20:30ean. Enparan Dorretxean. Benantxio Iruretaren eskutik, Boliviako Andeak.

Abenduak 15, ostirala
20:30ean. Sindikatu Zaharrean. Patxi Lasartek Escaladas en Chamonix: Esencia alpina emanaldia eskainiko du.

Abenduak 16, larunbata
19:00etan. Mendizaleen tabernan, Lagun Onak Mendi Bazkunaren batzar nagusia.
21:30ean. Mendizaleen tabernan, bazkideen arteko afari.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide