Hizkuntza politika berria orain!

Maijo Segurola (Azpeitiko Batasunako kidea) 2006ko abe. 15a, 16:12

Segurolak, larunbatean euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko Iruñean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du

Irailetik hasita euskararen gaia komunikabideetan izan dugu eta Azpeitia ez da atzean gelditu. Hor ditugu Elegune edo etorkinei zuzendutako ekimenen berri eman diguten argazkiak. Badirudi azken hiru-lau hilabete hauetan konpondu ditugula euskararen arloan dauzkagun gabeziak. Azpeitiko Batasunako kide garenok argi daukagu gure herrian euskararen berreskurapen osoa lortu nahi badugu argazkiak ateratzea baino zerbait gehiago egin beharko dugula, herritar guztion kontzientziazioa eta konpromisoa lortu behar dugula, eta horrek elkarlana egitea eskatzen digu. Hau da Azpeitiko EAJk egin nahi ez duena eta horrela ez dugu inoiz helburua lortuko.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak abian jarritako ekimenen berri ere eman digute komunikabideek. Ekimen horien artean Elebide, egin berri diren Osakidetzako oposizioak... ditugu eta guztiek eragin dute batzuen eta besteen zer esana. Besteak beste, Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz-ek oposizio horietan erabili den hizkuntza irizpidea salatu du. Deialdian 4.000tik gora diren lan-postu berrietann %20a bakarrik da euskaraz jakin behar dutenen ehunekoa.

Azpeitiko Batasunak bat egiten du salaketa horrekin. Izan ere, kopuru hauekin nola emango du administrazioak bere zerbitzua euskaraz? Berriro ere gazteleraz egingo diguten langileak izango ditugu gure anbulatorioan. Honen aurrean zer dio Azpeitiko EAJk? Anbulatorioan euskaldunok euskaraz egiteko dugun eskubidea bermatuko digutela ziurtatzen duten euskararen ordenantzak non gelditu dira? Euskaldunon hizkuntza eskubi-deak urratuak izango dira aurrera begira ere. Baina, noiz arte?

Egoera honek badu irtenbidea: ofizialtasunaren lege berria indarrean jartzea. Zertarako? Euskara lehentasunezko hizkuntza izendatzeko Euskal Herri osoan eta euskaldunok euskaraz hitz egiteko dugun eskubidea bermatua izateko. Horretarako pausoak eman behar ditugu eta bat izan daiteke larunbatekoa. Abenduaren 16an, bihar, 17:30ean, euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko Iruñean manifestazioa egingo da eta bertan parte hartzeko dei egin nahi dizuegu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide