Herriko hainbat eragile egiten ari diren Hitza eta erabakia
kanpainaren alde agertu dira herriko emakumeak ere. Horren harira, argazkia atera zuten larunbatean herriko plazan. Sinatu duten testuak batzen ditu adin eta pentsamendu ezberdinetako emakume hauek guztiak.
Emakumeok berain hitza ozen entzunarazteko elkartu direla azaldu dute eta honela dio sinatu berri duten testuak: "Gure hitza baliatu nahi dugu aro politiko berri bati ateak zabaltzeko, aldaketa politikoaren eta sozialaren eragile aktibo izateko".
Elkartu izanaren helburua, berriz, argi azaldu dute. "Helburu garbia hartu dugu: autodeterminazio eskubidearen alde ekitea eta lan egitea, bakoitzak bere esparrutik. Autodeterminazio eskubidean ikusten dugu jendarte aske eta orekatu baten oinarria".
Emakume talde honen iritziz, "Euskal Herriak une oso berezia bizi du. Aukera ederra dago aspaldidanik gure artean egonezin eta samin handia sortu duen gatazka gainditzeko". Hori dela eta, Azpeitiko emakumeek, gatazka konpontzeko prozesuarekin bat egiten dute.
Gazteak, hilaren 20an
Duela bi aste langileak, orain emakumeak, eta hurrengo txanda gazteena izango da. Hauek asteazkenean, abenduaren 20an, elkartuko dira Azpeitiko Gaztetxean 19:00etan. Gazteek ere, atxikimenduak biltzeko testua kaleratuko dute.
Bestalde, urtarrilaren 13an 19:00etan Euskal Herriak du hitza eta erabakia
lelopean izango den manifestaziorako deia egin dute.