San Silbestre proba zortzi kilometrokoa izango da berriro

Urola Kostako Hitza 2006ko abe. 20a, 14:12

Kortajarena Kiroletako zinegotzia; Arantxa Aldalur eta Olatz Gabilondo korrikalariak; Xeye Atletismo taldeko Joseba Agirre; 'Hitza'-ko zuzendari Amaia Mendizabal; Agustin Jimenez, korrikalaria; eta Kandido Mitxelena, zinegotzia,

Proba abenduaren 31n izango da Azkoitia-Azpeitia Xeye Atletismo Taldeak antolatuta

Bildutako dirua 'Hitza'-ri laguntzeko da (Urola Kostako Hitza)

Aurten IV. San Silbestre lasterketa izango da, hilaren 31n, Azkoitia-Azpeitia Xeye Atletismo Taldeak antolatuta. Aurten, berriro ere, 8.300 metro ditu lasterketak. "Iaz, hamar kilometroko lasterketa antolatzeko apustua egin genuen, ibilbidea eta denborak homologatu nahian. Baina jendeak luzeegia dela esan digu, eta proba herrikoia denez, jendeak esandakoari kasu egitea erabaki dugu. Beraz, aurtengo ibilbideak 8.300 metro izango ditu", dio Joseba Agirre Xeye Atletismo Taldeko kideak.

San Silbestre lasterketa urtea ondo bukatzeko modu bat dela dio Agirrek: "Kirola eginez eta sustatuz eta Urola Kostako Hitza lagunduz, urtea ondo bukatzeko era da". Izan ere, azken bi urtetan bezalaxe, aurten ere San Silbestre proban lortutako dirua Hitza laguntzeko izango da.

Agustin Jimenez lasterkaria ere bat etorri da Agirrerekin: "San Silbestre lasterketa erosoa da, eta jendea bertan parte-hartzera animatu nahiko nuke. Zortzi kilometro lagunartean egitea polita da, eta ez dago lehiatzera joan beharrik. Gainera, urtearen azken egunean zerbait desberdina egiteko modu bat da eta era berean, 'Hitza'-ri laguntzen zaio".

Arantxa Aldalur lasterkariak ere lasterketan parte hartzera animatu du: "Loiolako bidean antzematen da San Silbestre datorrela. Lasterketa polita da, lagunartean egiteko modukoa. Kanpoko jende asko etortzen da, bai egiten diren zozketengatik eta baita ondo antolatuta dagoelako ere". Urtero bezalaxe, parte-hartzaile guztien artean zozketak egingo dituzte aurten ere: Zelai talasoterapian bi lagunentzako asteburua, ardo kajak, urdaiazpikoak...

Antolatzaileek izena aurrez emateko eskatu diete lasterketan parte hartu behar dutenei: "Bestela lasterketa egunean lanak pilatzen dira".

Amaia Mendizabal 'Urola Kostako Hitza'-ren zuzendariak Xeye Atletismo taldea eta lasterketan parte hartuko dutenak eskertu ditu.

Datuak

Lasterketaren ezaugarriak
Eguna. Abenduak 31, igandea.
Irteera eta helmuga. Herriko plazan.
Kategoriak eta bakoitzaren irteera ordua.
-Eskolarrak: 10:30ean dute irteera.
-Kadeteak eta jubenilak. 12:00etan dute irteera. 4.150 metro.
-Gainontzekoak. 12:00etan irteera. 8.300 metro.
Zenbagarrena. VI.a aurten.
Antolatzailea. Xeye Atletismo Taldea.

Izena ematea
Aurrez. Lasterketan aurrez izena ematea 3 euro kostako da.
-Azpeitian, Aitzaki Kirolak dendan eta Azkoitian, Plaza Berri Sport dendan.
-Intrenet bidez www.herrikrosa.com webgunean.
-'Hitza'-ren egoitzetan (Zarautzen, Zelai Ondo hiribidea, 23 behean eta Azpeitian, Perez Arregi plaza 1, behean).
Egunean bertan. Lasterketa hasi aurretik izena emateko aukera egongo da, herriko plazan. Orduan, 5 euro kostako da.

Sariak
Lasterketa orokorra.
-Aurrenekoen artean diru sariak eta oroigarriak.
-Parte-hartzaile guztien artean zozketatuko dira: Zelai talasoterapian bi lagunentzako asteburu pasa, Zelai talasoterapiako 50 sarrera bikoitz, ardo kaxak, urdaiazpikoak...

**Partaidetza kopuruak (seniorretan)
2001. 400 atleta.
2002. 500 atleta.
2003. 580 atleta.
2004. 600 atletatik gora.
2005. 560 atleta.

Orain arteko irabazleak
2001. Asier Cuevas eta Iratxe Aranburu.
2002. Rafa Maritxalar eta ixiar Urdangarin.
2003. Asier Cuevas eta Iratxe Aranburu.
2004. Andres Perez eta Iratxe Aranburu.
2005. Rafa Maritxalar eta Iratxe Aranburu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide